AEKren udako barnetegiak, martxa hartuta

0

Joan den astelehenean abiatu ziren AEKn aurtengo udako barnetegiak,  Arantzan (Nafarroa) eta Foruan (Bizkaia). Barnetegiek euskaraz bizitzeko  aukera eskaintzen diete ikasleei, eta horregatik antolatzen dira, eskolez gain,  beste hainbat ekintza, euskal giroan murgiltzeko. Esate baterako, Arantzako  euskalduntze barnetegiko taldeak txangoa egin du ikastaroaren laugarren  egunean Baztanen barna: Urdazubiko leizeak, Infernuko Errota zaharra,  Amaiurko Gaztelu Beltza… bisitatu ondoren, Elizondon amaitu dute eguna. 

Foruko familia barnetegian, berriz, gurasoak euskara eskolak jasotzen dituzten  bitartean, begiraleak arduratzen dira haurrez. Lehen hamabostaldiko  barnetegira hamar guraso eta hamalau ume bertaratu dira, euren arteko  harremanetan euskararen presentzia handitzeko asmoz: “Etxean hitz egiteko,  eskolako lanetan seme-alabei laguntzeko…”. Lehen esperientzia izaten ari da  guztientzat, eta ari dira poliki-poliki ohitura berriak barneratzen. Hasierako  egunei buruz, gurasoek oso balorazio ona egin dute, eta “errepikatzeko  moduko aukera” iruditu zaie, “haurrak ere oso ondo moldatzen ari direlako,  hasierako beldurrak alde batera utzita”. Umeek diotenez, “oso ongi” pasatzen  ari dira, begiraleekin jolasak eta tailerrak egiten, Foruko parkean jolasten eta  lotara joan aurretik ping-pongean, kartetan eta xakean ibiltzen.  

Hortaz, pozik agertu dira guztiak orain arte egindakoarekin. Hala, guraso  batzuek azpimarratu dute pare bat ume behintzat “ametsetan euskaraz hitz  egiten” hasi direla, eta besteren bat baita “gurasoen akatsak zuzentzen” ere.  Talde honen lehen irteera Santimamiñeko kobazuloa eta Basondo fauna  babeslekua bisitatzeko izan da, eta asteburuan hondartzara eta Gure Zirkura  joateko asmoa dute. 

Irakasleek ere hasierako egunen balorazio ona egin dute: “Egun hauetan  ikasleek eta haien seme-alabek euren arteko harremana euskalduntzeko  ahaleginean aurrera egin dute, era batera edo bestera”. Izan ere, ikasleek  hainbat egoera ezberdin bizi dituzte: etxe batzuetan, helburua gehiago da  euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea, denek dakitelako euskaraz, hobeto edo  okerrago. Beste batzuetan, berriz, seme-alabek gehiago dakite, eta gurasoek  laguntza eskatzen diete. Eta badira, euskaraz jakin arren, gurasoekin egin nahi ez duten umeak ere. “Egoeraren arabera, beraz, ikasleek egin beharreko  esfortzua ere ezberdina da”. Horren harira, ikasleren batek aitortu du nekea  ere sentitzen dela egunaren amaieran. Haatik, ikasleak bezala, irakasleak ere  gustura agertu dira “sortutako dinamika eta giro onarekin”.  

Bi barnetegi horiek bukatu ostean ere, AEK-ko barnetegiek zabalik jarraituko  dute uda osoan zehar, irailera arte: Hego Euskal Herrian, Arantzan, Foruan eta  Adunan. Eta Ipar Euskal Herrian, Urepelen (Nafarroa Beherea) eta xiberera  ikastaroa Mendikotan (Zuberoa). Halaber, uztailaren 16an abiatuko da oinezko  ibiltaria Areatzatik (Bizkaia), Praktikatu egitasmoaren baitan. Parte hartzaileek  bi aste emango dituzte elkarrekin, Izabara (Nafarroa) iritsi arte, euskaraz  mintzatuz eta Euskal Herriko mendigune ederrak ezagutuz. Horiez gain, 

AEKren hainbat euskaltegitan ere martxan dira ikastaro trinkoak, euskara  ikasteko zein azterketak prestatzeko.