Komunitate eta egoitza inklusiboak, adineko LGTBQ+ pertsonentzako

0

Giza Eskubideen Kanpainako Fundazioak (Human Rights Campaing Foundation) tresna bat landu du, epe luzerako zaintzak ematen dituzten etxebizitza- eta egoitza-komunitateetako ekitate- eta inklusio-maila neurtzeko; hain zuzen ere, Estatu Batuetako lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta queer kolektiboetako pertsonak (LGTBQ+) bizi diren tokietakoa.

Tresna hori Epe Luzerako Arretaren Berdintasun Indizean (ingelesez, Long Equallity Index) gauzatzen da: politika eta praktika inklusiboak sustatzen ditu LGTBQ+ kolektiborako, epe luzerako zainketa-komunitateetan eta adineko pertsonentzako etxebizitzetan, LGTBQ+ egoiliarrekin inklusiboak izateko ikuspegia duten komunitateei aintzatespena egiten eta egiaztagiria ematen die. 2023an, 34 estatutako 200 komunitatek hartu dute parte.

Indize horren definizioak behar bikoitz bati erantzuten dio; alde batetik, LGTBQ+ kolektiboaren kezkarik handienari erantzutea, hala nola “beraien azken urteetarako leku eroso eta inklusiboak aurkitzea, bizitzeko eta arreta jasotzeko”; eta, beste aldetik, diskriminaziorik eta aurreiritzirik gabeko inguruneak lortzea. Alderdi horrek esangura berezia hartzen du adineko LGTBQ+ pertsona beltz, transgenero eta landa-eremuetan bizi direnen artean; izan ere, askotan, aurreiritzi handiagoari egin behar izaten diete aurre.

Estatu Batuetan asko hazten ari den biztanleria mota bada ere (proiekzioen arabera, uste da LGTBQ+ kolektiboko adineko pertsonak, 2030erako, 7 milioi biztanle izatera irits daitezkeela), haien agerikotasuna ez da erritmo berean hazten ari, zerbitzuak eman eta politika publikoak formulatu behar dituztenentzat.

Azterlanak adierazten duenez, LGTBQ+ kolektiboko adineko pertsonen % 76k kezka agertu zuen beren bizitzako azken etapan babes sozial nahikoa eta zainketa egokiak edukitzearen inguruan. Azterlanaren egileek adierazi bezala, «Bikotekidea edo seme-alabak edukitzeko probabilitate txikiagoa dutenez, adineko LGTBQ+ pertsonek, askotan, ordaindutako zerbitzu eta laguntzaren mende daude epe luzerako zainketetarako”. Hala ere, ohartarazten dute, “Inork ez du izan behar arbuioaren edo diskriminazioaren beldurrik, behar duen arretaren bila dabilenean”

Ikuspegi horretatik, Epe Luzerako Arretaren Berdintasun Indizea “epe luzerako zainketako komunitateei eta adineko pertsonentzako etxebizitzetako komunitateei laguntzen die politikak eta praktika hobeak egiten, kulturalki egokia den arreta emateko adineko LGTBQ+ pertsonei”; eta, hori lortu ahal izateko, hainbat neurketa- eta ebaluazio-mekanismo dago; esate baterako, inkesta bat pasatzea bi urtez behin, web bidezko mintegiak ematea edota euskarri teknikoa ematea telefono bidez.

Ebaluazioaren ondoren, hiru motatako aintzatespenak lortu daitezke, berdintasun-indizea zenbateraino garatu den: komunitate berdintasun-sortzaileak, LGTBQ+ pertsonen epe luzerako arretan; berdintasun-gaietan goi-errendimendua lortzen duten komunitateak; eta LGTBQ+ pertsonen epe luzerako arretan berdintasun-liderrak diren komunitateak .

Bildutako informazioaren azterketari esker, ikaspenak edo gomendioak eman daitezke, LGTBQ+ praktika inklusiboak hedatzeko, adineko pertsonentzako etxebizitzetan. Zehazki, lau irizpide hauek garatzea proposatzen da:

  1. Ez diskriminatzeko eta langileak gaitzeko politikak. Oinarrizko irizpidea da, eta hori lortzeko aplikatu beharreko funtsezko gaiak jasotzen ditu. Horien artean nabarmenenak: egoiliarrak ez diskriminatzeko eskubideen deklarazioa edo politika bat egitea, idatziz, esplizituki inklusiboa izango dena LGTBQ+ egoiliarrentzat; non, halaber, bisita-gaietan ere diskriminazio ezaren gaia sartuko den, beraien aukerako bisitariekin denbora pasatzeko duten eskubidea bermatzeko egoiliarrei (bisita-berdintasunaren politika). Langileei dagokienez, lanean ere ez diskriminatzeko politika eduki behar da (edota lanerako aukera-berdintasuna); hor sartuko dira sexu-orientazioa nahiz genero identitatea, eta LGTBQ+ egoiliarrak artatzeko langileen trebakuntza.
  1. Zerbitzu inklusiboak eta egoiliarrei laguntzeko ekimenak. LGTBQ+ egoiliarren inklusioa sustatzea bilatzen da, babesa eskainita ekintza jakin batzuei, esaterako, sexu bereko bikoteari ostatua partekatzen uztea, LGTBQ+ kolektiboko egoiliarren egunak ospatzea edota “LGBTQ+ sexu-adierazpen inklusiboa”, besteak beste.
  1. Egoitzetako langileentzako programa eta onura sozialak. Praktika hobeen ezagutza hedatzeko da, LGTBQ+ langileen ekitatea eta inklusioa sustatzeko. Hori aintzat hartuta, txostenean jaso bezala, “Funtsezkoa da LGTBQ+ langileak, LGTBQ+ egoiliarrak bezalaxe, berdintasunezko tratua jasotzea, bereziki osasunarekin loturiko politika eta onurei dagokienez”. Onura horien artean aipatzen dira, esate baterako, arreta sanitarioko zerbitzu inklusiboak eskaintzea pertsona transgeneroentzat, jazarpenaren aurkako politikak garatzea LGTBQ+ langileentzat, batzorde edo lan-talde bat eratzea aniztasunaren eta inklusioaren alde egiteko; edota ahalegina egingo da kontratazio inklusiboaren alde, eta, besteak beste, jarraibide idatziak sartuko dira behar diren neurriak hartu izana dokumentatzeko, lantokian genero-trantsizioaren aurrean errespetuz jokatzen dela bermatzeko (Trantsizio-gidalerroak).
  1. LGTBQ+ pertsonak komunitatean parte hartu dezaten sustatzea. Irizpide honekin bultzatu nahi da LGTBQ+ egoiliarrek parte hartzea bizi diren komunitatean, haien beharrak ebaluatuta, haien kezkak ulertuta edota haientzat interesgarri diren ekimen eta/edo ekitaldiak sustatuta.

Azkenik, emaitzei dagokienez, 2023an parte hartu zuten komunitate gehienek (% 90) gaurkotu egin dituzte beraien politika ez-diskriminatzaileak, bai beraien zentroetako egoiliarrentzako, bai langileentzako, eta babes-sistemak ere sartu dituzte sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen inguruan. Aurrerakada garrantzitsuak gertatu dira, gainera, beste atal batzuetan ere, hain zuzen ere, egoiliarrentzako zerbitzu eta babesari buruzko edota haiek komunitatean parte hartzeari buruzko ataletan. Amaitzeko, nabarmentzekoa da komunitate gehienek (% 75) praktika aurreratuak jarri dituztela abian, berdintasun-alorrean, eta erakutsi dute «oinarrizkotik harantzago doazela», eta berdintasunarekin duten konpromisua finkatu egin dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero, txosten osoa begiratu dezakezu esteka honetan: Long-Term Care Equality Index 2023. Report (Human Rights Campaign Foundation, 2023)