Euskadiko Parke Teknologikoak “campus anitzeko“ ereduaren aldeko apustua egin du, marka bakar berri eta web-atari berritu batekin

0

Euskadiko Parke Teknologikoa da bere Campusetako (sei aktibo eta hiru proiektuan) jarduera eta zerbitzuak bilduko dituen eta ekosistema teknologiko integratuago, kolaboratiboago eta eraginkorragoaren garapena bultzatu nahi duen marka berri bakarra. Marka berriaren aplikazioak berehalako isla du www.parke.eus webgune berrituan. Plataforma digital bihurtu da, eta bertan biltzen dira zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal ekosistemari lotutako tresna, eduki, zerbitzu eta esperientzia guztiak.

“Marka bakarraren eta webgunearen berrikuntza integralaren bitartez, urrats erabakigarria eman dugu parke-eredu eraginkorragoa eta kohesionatuagoa ezartzeko bidean”, ziurtatu du Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoko zuzendari nagusiak. Gogorarazi duenez, ekimen horiek garrantzi handia dute “gure kokapen desberdinen arteko sinergia indartzeko, lankidetza, ezagutza eta baliabide gehiago trukatuz, eta, azken batean, ekosistema teknologiko integratuagoa sustatuz”.

Ildo horretan, web-atariak funtsezko erreferentzia-puntua izan nahi du berrikuntza eta garapen teknologikoa maila guztietan sustatzeko. Horretarako, ezaugarri hauengatik nabarmentzen den atari integrala aukeratu da: edukien bateratzea, irisgarritasun unibertsala, erabilerako esperientzia hobetua, malgutasuna edukien kudeaketan eta eguneratzean, markaren kohesioa eta sendotasuna, eta online ikusgaitasunaren hobekuntza.

Komunikazioa, talentua, zerbitzuak eta merkataritza-kudeaketa

Webgune baten ohiko funtzionaltasunez gain, plataforma komunikazio-tresna indartsua, talentua erakartzeko eta fidelizatzeko gune aktiboa eta kudeaketa komertzialerako tresna izateko pentsatuta dago. Parkearen errealitatetik eta konpromiso sozialetatik hurbilago dagoen esperientzia eskaintzeko ere balioko du.

Euskadiko Parke Teknologikoko espazioen kudeaketa komertzialari dagokionez, nabarmentzekoa da plataforma berriak aukera ematen diola munduko edozein lekutan dagoen edozein enpresari Parkeko Campusetan modu pertsonalizatuan ezartzeko. Gainera, webgunean zuzenean kontsultatu ahal izango dira Euskadi eta, batez ere, Parke Teknologikoa, enpresa-proiektu bat garatzeko leku ezin hobea bilakatzen duten jarduera-datu nagusiak.

Era berean, www.parke.eus webguneak oso espazio garrantzitsua eskaintzen die abangoardiako ekosistema enpresariala eta profesionala eraikitzeko punta gisa finkatu diren Parkeko zerbitzu bereizgarriei. Horrela, BEParke programaren bidez, hainbat zerbitzu-lerro eskaintzen dira, enpresen eta profesionalen artean konexioak eta negozio-aukerak sortzeko, proiektuak bultzatzeko, pertsonen talentua indartzeko, gure komunikazio-zerbitzuen bidez enpresak eta proiektuak ikusarazteko edo teknologiaren etorkizunari aurrea hartzeko.

Gaurkotasunak eta albiste interesgarriek, Garapen Jasangarrirako Helburuetan izandako eraginak edo gizartearekiko konpromisoek –bokazio zientifiko-teknologikoen sustapena edo emakumeak zientzian duen presentziaren bultzada, esaterako– lehentasunezko lekua dute webgune berrian. Parkeak bere ingurunearekin dituen harremanetarako lehentasunezko kanal bihurtu nahi du.

Azkenik, webgunea Parketik bultzatuta egongo diren komunikazio-ekintza guztien informazio-erreferentzia izango da. Ekintza horiek guztiek jarraipen espezifikoa eta nabarmena izango dute sare sozialetako kontuetatik.