Gabonetako kanpainak 22,5 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen Donostian

0

Puntu estrategikoetan instalatutako pasabide-kontagailuek 2.240.000 bisita zenbatu zituzten

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, antolatutako Gabonetako kanpainak 22,5 milioi euroko eragin ekonomiko zuzena izan du, eta horietatik 22,1 milioi herritarren gastuaren eta bisitariak erakartzearen ondorioz sortutako diru-sarrerei dagozkie. Kontratazioari dagokionez, abenduan 1.933 kontratu egin ziren merkataritza- eta ostalaritza-sektoreetan; horien ondorioz, 1.395 enplegu sortu ziren, eta aldi horretan hirian egindako kontratazioaren % 28 dira.

Marisol Garmendia Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak azpimarratu duenez, «Donostia Gabonetako erreferente bihurtu da Espainiako Iparralde osoan. Jaiak donostiarrentzat gozatzeko egunak izateaz gain, aberastasuna eta enplegua sortzeko faktore garrantzitsuak ere badira gure hirirako. Gabonetako kanpaina saltoki txikien urteko fakturazioaren % 20 baino gehiago da, eta ostalaritzari ere bultzada handia ematen dio (bi sektore horietan 16.000 donostiar ari dira lanean). Igaro berri den kanpainan 1.400 pertsona kontratatu ziren, hau da, gure hirian sortutako lau enplegutik bat Gabonetako kanpainari zor zaio. Zifra horiek Donostia Sustapenak egindako kanpaina indartzen dute, inbertitutako euro bakoitzeko 18 eurotik gorako etekina ateratzen baitu tokiko ekonomiak«.

Puntu estrategikoetan instalatutako pasoko kontagailuek guztira 2.240.000 bisita zenbatu zituzten kanpainaren 38 egunetan, hau da, batez beste 59.000 egunero. Ikertalderen ikerketaren arabera, presentzia horien % 65, hau da, hirutik bi, donostiarrenak dira.. Gainerako % 35a bisitariak dira: erdiak baino gehiago, gipuzkoarrak (% 18); Arabatik eta Bizkaitik etorritakoak, % 6 (Espainiako gainerako herrialdeen ehuneko bera, % 6); eta atzerritarrak, % 5. Bisita guztietatik 250.000 Gabonetako kanpainagatik bakarrik egin ziren; datu hau oso esanguratsua da kanpainaren inpaktuari eta eraginari dagokienez. Zifra benetan handiak izan arren, guztizko etorrerak % 8ko beherakada txikia izan zuen euriaren ondorioz, 2023ko euri prezipitazioen erregistroak hirukoiztu egin baitziren.

Onarpen handieneko jardueren artean honako hauek nabarmendu behar dira: inaugurazio-ekitaldiaren errekorra, 18.500 pertsona bertaratu baitziren, euria egin arren; Gabonetako merkatua, 462.458 bisita izan zituena, eta Alderdi Ederreko Mapping-a, 144.000 bisita izan zituena.