SPRIk Iberdrolak bultzatutako Q-Cero aliantzaren inaugurazioan Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimena aurkeztu du

0

SPRIk Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimena aurkeztu du Madrilen Iberdrolak sustatutako Q-Cero aliantza ekimenaren baitan. Horren helburua da elkarrizketarako ekintzak eta guneak sortzea eta mezuak zabaltzea industrian eta eraikinetan energia termikoaren deskarbonizazioa bizkortzeko asmoz. Ekitaldi horretan izan dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Arantxa Tapia, eta SPRI Taldeko zuzendari nagusia, Aitor Urzelai.

Net-Zero Basque Industrial Super Cluster COP26 konferentzian aurkeztu zuten WEF “Transitioning industrial clusters towards Net-Zero” ekimenari atxikitako lehen 4 klusterretako bat zelako. Aipatutako ekimenak, gaur egun, 4 kontinentetako 10 herrialdetako 20 ekimen baino gehiago biltzen ditu.

Bestalde, Iberdrolaren ekimena Espainiako azken energiaren eskariaren % 40 inguru energia termikoak osatzen duen testuinguruan gertatzen da. Gainera, beroaren deskarbonizazio arloan gertatzen ari diren aurrerapenen erritmoa klima-aldaketaren aurkako borrokan hartutako konpromisoak lortzeko beharrezkoa denaren azpitik dago. Hala, Q-Cero aliantza eragile guztiei irekitako aliantza izango da, bereziki industriaren eta eraikinen sektoreko energia termikoaren eskatzaileei, deskarbonizazioan aurrera egiteko.

Eskari termikoaren deskarbonizazioan eragina duten oztopoak proportzio bertsuan daude banatuta industriaren (% 80 baino gehiago bero-produkzioari lotuta dago, eta % 20 prozesuko isuriak dira) eta eraikinetako bero-beharren artean (bizitegien sektorea eta hirugarren mailako sektorea barne), eta horrek guztiak eragile askorentzako erronkak sortzen ditu. Aldi berean, ordea, deskarbonizazioarekin lotutako sektoreak eta teknologiak garatzeko aukera ekonomikoa ere bada.

Madrilera egindako bisita aprobetxatuz, Net-Zero Basque Industrial Super Clusterreko ordezkariek CEOEren laguntzarekin eta Repsolen babesarekin Energiaren Espainiako Klubak antolatutako Industria eta Energia foroan ere hartu dute parte. Jardunaldian energia eta industria arloko eragile esanguratsuek hartu dute parte eta industria deskarbonizatua lortzeko funtsezko elementuak aztertzea izan du helburu. Horretarako, deskarbonizazioak eskaintzen duen aukera aprobetxatzeko industria berria erakartzeak eta birrindustrializazioak duten garrantzia azpimarratu dute bereziki.

Net-Zero Basque Industrial Super Cluster

Net-Zero Basque Industrial Super Clúster klusterraren helburua da Euskadiko industrian isuri garbietarako trantsizioa bizkortzea, industria arloan kontsumo eta eraginkortasun energetikoaren deskarbonizazioa bultzatuz eta, aldi berean, garapen teknologikoan eta berrikuntzan oinarritutako merkatu-aukerak sortuz.

Ekimena Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatu du SPRIren (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) bidez eta Euskadiko bi energia-enpresa nagusiek hartu dute bertan parte: Iberdrolak eta Petronor Repsolek. Gainera, negutegi-efektuko gasen isuri handienak dituzten Euskadiko industriak biltzen dituzten kluster industrialen (Aclima, Siderex, AFV, paperaren klusterra) eta deskarbonizaziorako konponbideak eskain ditzaketen balio-katea ordezkatzen duen Energia Klusterraren babesa jaso du.

Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimenarekin lotutako aurrerapen nagusiak dokumentu honetan daude ikusgai.