Erakusleiho digital bat Donostiako merkataritzarrentzat

0

Donostiako hoteletan tokiko merkataritza sustatzeko ekimen bat abiarazi du, diseinu propioko produktuak eta artisauak ikusgai egongo direlarik

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, deialdi bat ireki du tokiko saltokiek, enpresek eta diseinatzaileek erakusleiho bat izan dezaten hiriko hoteletan beren produktuak sustatzeko. Proiektua tokiko produktuen erakusketa digitalean oinarritzen da, hologramako gailuen bidez, eta horiek Full HD kalitateko hiru dimentsioko irudietan bistaratzea ahalbidetuko dute.

Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak gogorarazi du Donostiak 2.500 txikizkako saltoki dituela eta horietako askorentzat turismoa bezero garrantzitsua dela: «erakusleiho digital bat izateak sektorearen eraldaketa teknologikoa babesten du, aberastasuna eta enplegua sortzeko aukera berriak eskaintzen ditu eta gure tokiko produktuaren nazioarteko proiekzioa bultzatzen du«.

Donostia Sustapenaren ekimenak Next funtsen finantziazioa du, hiriko hoteletan garatuko da eta Donostiako hainbat sektoretako saltokiei irekita dago, hala nola bitxigintza, artea eta eskulanak, ekipamendu pertsonala eta elikadura. Helburua artisau-produktuak, produktu ekologikoak, diseinu propiokoak edo berritzaileak edo bereziak direlako nabarmentzen direnak sustatzea da. Hotelen kasuan, 4 edo 5 izarreko establezimenduei zuzenduta dago, produktuak behar bezala erakusteko espazioa eta beharrezko baliabideak badituzte. Gehienez hamar saltoki eta bost hotel aukeratuko dira, eta uda baino lehen proiektua martxan egotea aurreikusten da.