Barakaldoko Udalak herritarren partaidetzarako bigarren mahaia egin du

0

Barakaldoko Udalak herritarren eta teknikarien bigarren saioa egin du, udalerriko Irisgarritasun Unibertsalaren Planaren inguruan ekarpenak jasotzen jarraitzeko. 80 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten lehen partaidetza-mahaian, irisgarritasunean inplikatuta dauden Udaleko arloetako udal-langileekin batera. Topaketa horrek proiektu eraldatzaile honetan aurrera egiten jarraitzeko balioko du, guztiontzako hiri atsegina eta lagunkoia sortzeko. Gainera, datorren martxoaren 17ra arte, zabalik egongo da herritarren eskura jarritako inkestari erantzuteko epea, hiriko irisgarritasunari buruzko ikuspegia eman dezaten. Orain arte, 850 pertsonak baino gehiagok erantzun diote inkestari, bai online, bai aurrez aurre.

Barakaldo da udalerri-mailako Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integrala abian jarri duen lehen hiria. Plana egiteko, hainbat partaidetza-ekintza hartuko dira kontuan, besteak beste, parte hartzeko mahaiak. Mahai horien bigarren deialdia bihar egingo da (Anaiak parkeko ISZn). Mahaien garapena Planaren analisi- eta diagnostiko-fasean kokatzen da, bertatik bertarako lanarekin batera.

Helburu nagusia irisgarritasunaren arloan hautemandako hobekuntza-eremuak eta indarguneak identifikatzea da.

Udal Mahaiak irisgarritasunaren kudeaketa, arloen arteko koordinazioa eta herritarren eskura jarritako ingurune eta zerbitzuen irisgarritasun-maila izango ditu ardatz. 9:00etan egingo da. Saio horretan Udaleko hainbat arlo eta sailetako profil tekniko eta politikoak izango dira, talde politikoez gain.

Bestalde, Herritarren Mahaiak udalerriko irisgarritasunaren arloko 5 ekintza-eremuak lantzeko balioko du: hiri-ingurunea, udal-eraikinak, garraioa, seinaleztapena eta komunikazioa. Halaber, ahulguneak identifikatzeko topagunea izango da, baita irisgarritasunaren arloko jardunbide egokiak izan daitezkeen ekintzak aztertzeko ere, beste eremu batzuetara eraman litezkeenak. Saioa 12:30etik aurrera izango da. «Partaidetza-mahai horiei esker, pertsona guztiek gainerako parte-hartzaileen ideien berri izan dezakete. Esaterako, zein zailtasun dituzten beste kudeaketa arlo batzuek edo herritarren beste profil batzuek, eta nola egin daitekeen aurrera elkarrekin», azaldu du Gorka Zubiaurre Alkatetzako zinegotziak.

Erabilitako metodologiak parte-hartzaileak izango dira, taldeka egingo dira eta arinak izango dira, 10 minutuko iraupenarekin, hainbat gairi erantzuteko. Mahai bereko pertsonen artean entzutea, oztopo eta bideratzaile komunak bilatzea eta bestearen egoera ezagutzea nabarmendu behar dira.

Herritarren inkesta

Bestalde, abian jarritako inkestaren helburua da herritarrek herrian egunero erabiltzen dituzten ingurune eta zerbitzuen irisgarritasun unibertsalaren inguruan duten ustea ezagutzea. Adibidez, garraioa, hiri-bideak, ingurune eta eraikin publikoak, komunikazioa, udal-izapideak, etab.

Gainera, pertsona bakoitzak herriko irisgarritasunari buruz nabarmendu nahi duen edozein alderdiri buruzko iruzkin gehigarriak egin ahal izango dira.

Herritarrek erantzun dituzten inkestetan jasotako datu guztiak modu anonimoan bildu eta tratatuko dira.

Orain arte, gaztelaniaz 790 inkesta, eta euskaraz, 61 jaso dira online, hau da, 850 pertsonak baino gehiagok egin dituzte ekarpenak.

Udalak parte hartzeko deia egin du, herritarren behar guztiak biltzen dituen plana egin ahal izateko. Inkestari erantzuteko epea martxoaren 17ra arte egongo da zabalik, eta esteka hauen bidez eskuratu ahal izango da, gaztelaniaz eta euskaraz:

Era berean, online erantzun ahal izango da Barakaldoko Udalaren webgunearen bidez eta App mugikorra erabiliz (doan deskargatu daiteke), eta paperean ere bete ahal izango da. Inkesta herritarren eskura egongo da honako gune hauetan:

  • Gurutzetako Zentro Zibikoa.
  • Retuertoko Kultur Etxea.
  • Zuhatzuko Kultur Etxea.
  • CIHMA Errekatxo.
  • Lutxanako Kultur Etxea.
  • Burtzeñako Kultur Etxea.
  • Clara Campoamor Zentro Zibikoa.
  • Lasesarre eta Gorostitza kiroldegiak.
  • Herriko Plazako HAZ.
  • Adinekoen 9 zentroak.
  • Usoa.
  • Anaiak ISZ.
  • Gazte Bulegoa.
  • Udal Haur Eskolak.
  • Liburutegiak.
  • Osakidetzako osasun-zentroak.
  • Ikastetxe publikoak.

«Herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu Barakaldo pertsona guztientzako gero eta irisgarriagoa izan dadin parte hartzeagatik», azpimarratu du Zubiaurrek.