Donostiak ekintzailetzarako EKINN gunea ireki du

0

Berrikuntza eta ekintzailetza nodo berriak Ekintzaileari Arreta emateko Bulegoa du, eta 700 m2 ditu hiriaren erdigunean

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, EKINN gunea ireki du, ekintzailetzara zuzendua, eta Ekintzaileari Arreta Emateko Bulegoa izango da bertan. Ekipamendu berri horrek 700 m2 ditu, eta arreta pertsonalizatua eta orientabideak eskainiko ditu enpresa-proiektuak eta -ekimenak garatzeko.

Hiritarren eskura dagoen gune berria

EKINN, berrikuntza eta ekintzailetza nodo berriak Donostia Sustapenak ekintzaileen eskura jartzen dituen baliabide guztiak bilduko ditu, laguntza integral eta pertsonalizatuarekin, honako hauek barne:

  • informazioa eta orientabideak,
  • prestakuntza espezifikoa,
  • aholkularitza,
  • laguntza ekonomikoak,
  • eta lanerako, sustapenerako eta ikusarazteko espazioak.

4.500 m2-ko ekipamendu berriaren helburuetako bat da ekintzailetzaren errealitatea herritarrei hurbiltzea, batez ere gazteei, haien ideiak eta ekimenak enpresa-proiektu bihurtu ahal izateko behar dituzten baliabideak eskaintzea. EKINN San Bartolome gainean dago, hiriaren erdigunean, eta Easo kalean dagoen igogailutik zuzeneko sarbidea du.

Ekintzaileari Arreta Emateko Bulegoaz gain, eraikinak hurrengo baliabideak ditu:

  • Eremu komunetan, lau bulego profesional, coworking-gune bat, prestakuntza-gelak, auditorioa eta bileretarako eta ekitaldietarako gune bat.
  • Goiko solairuetan, 25 m2-tik 45 m2-ra bitarteko 70 apartamentu, berrikuntzaren eremuarekin lotutako pertsonei ostatu emateko, eta horietatik 12 gazte donostiarrentzat dira.

Ekintzailetzaren aldeko apustua
Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi du, EKINN residentzia berri hau «hiriak zientzia eta ezagutzaren alde, baita ekintzailetzaren alde egiten duen apustu sendoaren isla dela”. Eta apustu hau «etengabekoa dela eta bere fruituak ematen ari dela, erakunde ezberdinen, unibertsitateen eta sektoreko enpresen laguntzari esker» ere esan du.

Horiek horrela, Goiak honakoa gaineratu du: «Talent House-aren eskaintza handitzeko beharrak erakusten du, Donostiak talentua erakartzen duen hiria dela, eta ikertzaileen eta ekintzaileen mapan dagoela, hain zuzen ere, garapen profesionalaz gain, euren egonaldian izango duten bizi kalitatea kontuan hartzen duten ikertzaileak«.

Alkateak azpimarratu du, Donostiak duen erronketako bat dela kanpotik talentua erakartzea eta bertakoa mantentzea. Horren harian, esan du, Ibaetako kanpusera iritsiko den ordenagailu kuantikoak erakarri egingo dituela Donostiara etorri, bertan lan egin eta bertan bizi nahi izango duten zientzialari eta ikertzaile berriak. Horregatik, erakundeen lana ezinbestekoa dela nabarmendu du, Donostian behar diren baldintzak sortzeko ikertzaile horien guztien egonaldia ahalik eta luzeena eta egonkorrena izan dadin.

«Azpiegitura berri honek Donostiak hirian euren proiektua bultzatu nahi duten gazteak erakartzeko eta bertan lan egiteko eskaintza aberastu egingo du, eta hemen gelditzeko erabakian balio erantsia eskainiko die«, esan du Goiak.

Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotzi Marisol Garmendiak Donostiako Udala eta Donostia Sustapena ekintzailetza berritzailearen alde egiten ari diren apustua azpimarratu du. «EKINN herritarrei irekitako gunea da, ideiak, aukera eta proiektu bihurtzekoa. Apustu bat, bereziki gazteei beren proiektuak garatzeko aukerak eskaintzeko eta gure hiriarentzat etorkizun sendo bat eraikitzeko. Horrela, asmoa da ezagutzan oinarritutako ekonomia baten bidez kalitatezko enpleguak sortzea”.

Garmendiak, gainera, azpimarratu du Donostia Sustapenaren apustua 12,5 milioiko inbertsioak babesten duela 2015-2023 aldian, eta horri esker gaur egun Donostian sortzen diren enpresen % 40 ezagutzan intentsiboak diren ekimen ekintzaile berriak direla (SEIC); sektore horrek hiriko BPGaren % 43,4 eta enpleguaren % 30,5 ekartzen du. «EKINNek aukera emango digu ekintzaileei arreta hobea emateko eta gure ekintzailetza-tasa (% 6,6), Euskadiko eta Estatuko batezbestekoaren gainetik dagoena (% 6), handitzeko, baita ezagutzaren ekonomiari lotutako kalitatezko enplegua finkatzeko ere«.

Donostia Sustapenaren zuzendari Iñigo Olaizolak nabarmendu duenez, “Hau irekitzean, etapa berri bat hasiko da Donostia Sustapenarentzat, tokiko berrikuntza-agentzia gisa ikuspegi eta misio berritua, eta EKINN proiektu berria lankidetza sustatuko duen berrikuntza-nodo gisa eratuko da”.

Gainera, gogorarazi duenez, «gure Plan Estrategikoan, hirian ekintzailetza berritzailea sustatzeko eta bultzatzeko apustuak leku nabarmena du. EKINNek talentu ekintzailea garatzeko eta erakartzeko estrategia bat bultzatu nahi du, proiektu berritzaileak bizkortuz, kultura ekintzailea garatzearen aldeko apustua eginez eta, bereziki, lotura eta lankidetza erraztuko dituen espazio berri bat sortuz, eragina duten aukerak eta proiektu berriak sortzeko funtsezko faktore gisa. Hiri-proiektu bat da, eta ekosistemako eragileen arteko lankidetzarako deia, eremu horretan hiri sendo eta irmoaren aldeko apustua eraikitzeko »