Yuri Berchichek kontratua berritu du Athleticekin

0

Atzelariak ekainean amaitzen zuen lotura eta beste denboraldi baterako akordioa sinatu du, aukerako beste batekin

Athletic Clubek eta Yuri Berchiche jokalariak akordioa lortu dute kontratua denboraldi batez luzatzeko, 2025eko ekainaren 30era arte. Zarautztarrak seigarren denboraldia du lehen taldean eta gaur goizean sinatu du kontratu berria San Mamesen, Jon Uriarte Athleticeko presidentearen eta Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiaren aurrean.

Yurik 188 partida jokatu ditu lehoi gisa, batez beste 30 baino gehixeago denboraldiko. Aurtengoan 26 partida jokatu ditu, baita hiru gol sartu ere, horietako bi RCD Mallorcaren aurka San Mamesen. Kontratua ekainaren 30ean amaitzen zitzaion defentsari eta berritu ostean, oso pozik agertu da akordioarekin. Zuzendaritza Batzordeak ezarritako ildoaren barruan, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin.

Mikel Gonzalezek azpimarratu duenez, «Yuri titularra izan da Klubean daramatzan 6 denboraldietan eta funtsezko jokalaria dela ikusten jarraitzen dugu».

«Oso indartsua da, jokoaren fase guztiak menderatzen ditu, lehiakorra da eta esperientzia eta pentsamolde irabazlea ditu», adierazi du futboleko zuzendari nagusiak.