Bizkaiko Foru Aldundiak artisautzaren sektorea dinamizatzeko laguntzen deialdia egin du

0

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 375.000 euro emango ditu lurraldeko artisautzaren sektorea dinamizatzeko dirulaguntzetan. Artisautza Sustatzeko Programak, enpresei zein elkarteei zuzenduta, artisautza-sektorea indartzea du helburu, berrikuntzaren eta prestakuntzaren bidez lehiakortasuna sustatuz. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 15ean irekiko da eta maiatzaren 15ean amaituko da.

Programaren helburu nagusiak hauek dira: artisautzako erakundeak eta horien produktuak sustatzea;  ikuspegi berritzaileak sustatzea trebetasun eta negozio-eredu berriak garatuz;  artisau-erakundeen sorrera sustatzea; artisautzako profesionalen prestakuntza-maila hobetzea, eta sektorean elkartegintza sustatzea. Horrekin guztiarekin jarduera hau Bizkaiko ongizate kultural, sozial eta ekonomikoaren atal moduan balioestea lortu nahi da.

Artisautza Sustatzeko Programak bi motatako jarduerak lagunduko ditu diruz. Alde batetik, artisau-erakundeek euren lehiakortasuna indartzeko garatutako jarduerak babestuko ditu, eta horien barruan sartzen dira makineria eta tresneria erostea, ekipamendu informatikoa eta softwarea, artisau-tailerren hobekuntza, prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea, merkataritza-sustapena, online salmenta, azoketan parte hartzea, tailerren alokairua eta kudeaketa eta kontabilitatea hobetzeko aholkularitza.

Eta, beste aldetik, diruz lagunduko dira tokiko erakundeek eta artisautza-elkarteek bultzatutako ekintzak, hala nola enpresei zuzendutako prestakuntza-jarduerak, Bizkaian artisautza-azokak antolatzea, Bizkaiko sektorea zabaltzea eta sustatzea, edo kudeaketa eta lehiakortasuna hobetzen duten beste batzuk.