Bizkaiko Foru Aldundiak milioi 1 euro baino gehiago bideratu ditu Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko 2024ko Programara

0

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 1.010.000 euroko ekarpen ekonomikoa esleitu dio Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko Programari (Bizkaian Orekan Sakonduz estrategiaren finantzaketa tresna nagusia). Programa hau tokiko eta eskualdeko garapenerako agentziei zuzentzen zaie, enpresa industrialen eta inguruko zerbitzu lotuen lehiakortasuna indartzeko sustapen ekonomikoko ekimenak gauza ditzaten. Deialdi honetara proiektuak aurkezteko epea apirilaren 8tik maiatzaren 8ra egongo da zabalik.

Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko Programak bi jarduera mota babesten ditu: alde batetik, ekonomia berpizteko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburua duten jarduerak, industriaren eta hari lotutako zerbitzuen sektoreetan, horretarako berrikuntza, nazioartekotzea eta ekintzailetza aurreratua sustatuz; eta, bestetik, agentziek eurek egiten dituzten proiektuak, sustapen ekonomikoarekin lotutako gaitasunak indartzeko (batez ere, gobernantzako ereduak eta eskualdeko plan estrategikoak garatuz).

Bizkaia Orekan Sakonduz

Bizkaia Orekan Sakonduz da Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak daukan estrategia, lehiakortasun sendoa, jasangarria eta lurralde mailan orekatua eraikitzeko. Tokiko eta eskualdeko 23 agentez osatutako sareak hedatzen du, Bizkaiko enpresa guztietara iristea eta sustapen ekonomikoko politikak inguru bakoitzeko enpresa sarearen espezialitateetara egokitzea helburu. Sareak, Bizkaiko 12 eskualdez eratua, industriako enpresetan eta inguruko zerbitzu aurreratuetan enpresen lehiakortasuna hobetzeko proiektuak abiarazten ditu.

Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren parte dira agentzia hauek: Gorbeialde Landa Garapenerako Agentzia, Jata-Ondo Landa Garapenerako Agentzia, Arrigorriagako Udala, Bermeoko Udala, Erandioko Udala, Ermuko Udala, Galdakaoko Udala, Getxoko Udala, Leioako Udala, Sestaoko Udala, Basauri-Etxebarri Behargintza, DEK-Durangaldea Enpresa Ekimena, Enkartur, Errota Fundazioa, Inguralde, Lanbide Ekimenak Gernika, Leartibai Fundazioa, Enkarterriko Mankomunitatea, Meatzaldeko Behargintza, Mungialdeko Behargintza, Txorierri Behargintza, Urduñederra, eta Uribe Kosta Behargintza.

Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko Programari buruzko informazio guztia lotura honetan eskuratu daiteke. Erakunde interesdunek Ekonomia Sustatzeko Sailaren bulego birtualaren bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak.