Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 40.000 euroko laguntza eman dio Euskal Herriko Unibertsitateak biktimei buruz emandako graduondoari

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzatik, 40.000 euroko laguntza ematea onartu du biktimei buruzko graduondoko bat emateko, UPV-EHUk Kriminologiaren Euskal Institutuaren (IVAC-KREI) bidez emana.

Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak ezarritako jarduera-ildoari laguntzea da partida, eta haren helburua bizikidetzarako euskal agenda indartzea eta sustatzea da. Ildo horretan, terrorismoaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko politiketan aurrera egitea eta politika horiek sendotzea sustatuko da, bai eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen lege-, erakunde- eta gizarte-errekonozimendua bultzatzea ere, 12/2016 Legearen esparruan, iraganari buruzko hausnarketa kritikoa bultzatuz.

Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitako ikasketa multzoari egindako ekarpen hori ez da soilik graduondokora mugatzen, zenbatekoaren zati bat hainbat prestakuntza-ekimen antolatzeko erabili ahal izango baita. Adibidez, Antonio Beristain irakaslearen oroimenezko biktimologia-topaketa, Egia, Justizia, Memoria eta Erreparazio Politiketako Biktimologia Translazionalari buruzkoa; edo UPV/EHUko Udako Ikastaroak Fundazioak ekainean antolatutako udako ikastaro bat, Biktimologian esploratzeko bideak: eragina eta erreparazioa izenburupean.