Javier Hurtado sailburuak tokiko merkataritzak gure hirietako bizitzan duen garrantzia nabarmendu du Gasteizko Loreen Jaialdiaren aurkezpenean

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Gasteizko 1. Loreen Jaialdiaren aurkezpenean parte hartu du Maider Etxebarria Gasteizko alkatearekin eta Arabako Foru Aldundiko lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru-diputatuarekin batera. Gasteizko Udalak Sailaren laguntzaz abian jarri duen ekimen horren helburua tokiko merkataritza bultzatzea eta Arabako hiriburuko kaleak kolorez betetzea da.

Sailburuak azpimarratu du ekimenak duen garrantzia negozioak, taberna eta jatetxeak, merkatuak edo saltokiak suspertzeko. “Loreen jaialdiak aukera aparta eskaintzen digu hain ongi ezagutzen ditugun negozioekin berriro topo egiteko, berriak ezagutzeko eta gure hiri-ingurunearekiko interesa berpizteko”.

Maiatzaren 13tik 18ra bitartean egingo den jaialdiak hainbat jarduera eskainiko ditu, besteak beste, erakusleihoen lehiaketak, esperientzia gastronomikoak, hitzaldiak, monumentuen lore-dekorazioak eta haurrentzako ekintzak. Ekitaldi honen beste helburu bat merkataritzaren lanari bere balioa ematea da, hanbat erronkari aurre egin behar izan baitie, besteak beste, kontsumo-ohituren aldaketei, trantsizio digitalari eta sozioekonomikoari eta ingurumen-trantsizioari.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak tokiko merkataritza sustatu du legegintzaldi honetan, 431 milioi baino gehiago inbertituz, aparteko funtsak eta Next Generation funtsak barne, merkataritza, turismo eta ostalaritza sektoreetarako. Era berean, merkataritzaren eraldaketaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, Merkataritza 2030 merkataritza-estrategiaren eta beste ekimen batzuen bidez, eta horietako bat jaialdi hau da”, laburbildu du sailburuak.

Ekitaldi honen helburua ez da ospatzea bakarrik, baizik eta baita gertuko merkataritzak duen funtsezko eginkizunari eta gero eta digitalizatuagoa eta globalizatuagoa den mundu honetan gure erosketa-aukerek duten eraginari buruz hausnartzea ere.  Sailburuak azaldu duenez, “tokiko merkataritza babesteak guri mesede egiteaz gainera, denontzat hiri-ingurune kohesionatuagoa eta jasangarriagoa eraikitzen ere laguntzen du”.