Isuri Gutxiko Eremua arautuko duen ordenantza aurkeztu du Donostiak

0

Mugikortasun Plana eta IGE datorren asteartean onartuko dira, partaidetza eta alegazio prozesuaren ondoren

Donostiako Udalak datorren astean onartuko ditu, behin betiko, Hiriko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren eta Isuri Gutxiko Eremuaren proiektuak; amaitu baitira alegazioak aurkezteko epea eta proiektuak ontzeko egindako partaidetza prozesuak. Era berean, Isuri Gutxiko Eremua arautuko duen ordenantzari ere datorren astean emango dio hasierako onarpena.

Hala, alegazioak egiteko jarritako epean hainbat alegazio eta ekarpen jaso dira, bai Herritarren Postontziaren bidez, bai Erregistroaren bidez:

  • 42 Isuri Gutxiko Eremuaren gainekoak izan dira
  • 33 Mugikortasun Planari buruzkoak

Alegazio horiez gain, Udalak iritzi zion inportantea zela proiektu horiei partaidetza prozesu batzuekin laguntzea hasiera-hasieratik; eta, hala, urtarrilean eta otsailean egin ziren partaidetza prozesu horiek. Horrela, prozesu horietan sortutako irudipenak, iritziak eta ideiak ere aztertu dira behin betiko dokumentuak egitekoan.

Orain, bi planak behin betiko onartu ondoren, ordenantza behin betiko onartzeko prozesuari ekin zaio, ordenantza izango baita Isuri Gutxiko Eremuaren proiektuan jasotako planteamenduak arautuko dituen tresna.

IGEren gaineko ordenantza

Isuri Gutxiko Eremuaren mugaketa eta seinaleztapena arautuko du ordenantzak; eta, hain zuzen ere, seinale horien behealdean adieraziko dira ibilgailuen ingurumen-bereizgarriaren arabera izango diren muga eta ual baimenaren araberako salbuespenak.

Ordenantzak izango dituen berrikuntzen artean, 10 kamera finko jartzearena dago, ibilgailuak Isuri Gutxiko Eremura sartzea kontrolatzeko.

Isuri Gutxiko Eremuan baimenik gabe sartu edota ibiltzeagatik 200 €-ren isuna ezarriko da, eta baita hori baino % 30 handiagoa ere araua behin baino gehiagotan urratzen duenari.

Isuri Gutxiko Eremuan sartzen edo ibitzen diren ibilgailu motordun eta ziklomotor guztiek bete behar dute ordenantzan jarritakoa. Ordenantzaren helburua airearen kalitatea hobetzea, emisio kutsatzaileak murriztea, herritarren osasuna babestea, klima-aldaketaren ondorioak eta trafikoak sortzen duen zarata arintzen laguntzea eta mugikortasun-modu jasangarriago baterantz egitea da.

Jakina denez, Isuri Gutxiko Eremua bi fasetan ezarriko da:

Hasierako fasea: ordenantza indarrean sartu eta lehen 36 hilabeteak
Egonkortze fasea: hasierako fasea pasa eta gero

Isuri Gutxiko Eremua

Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta Isuri Gutxiko Eremuaren Planari aurkeztutakoak aztertuta, 42 alegazio jaso dira.

Juantxo Marrero Ekologia zinegotziak esan du, orobat, «Kaiaren ingurua berariaz sartu dutela eremuan, eta bai eta Arbaizeneko sarbidea eta ingurua ere, Isuri Gutxiko Eremuaren barruan preso gera ez daitezen. Kaia Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko eremua da, eta horregatik ez zen sartu hasieran. Baina, juridikoki sartu daitekeela egiaztatu eta sartu egin dugu«.

«Onartutako alegazioetako bat 70 urtetik gorako egoiliarren ibilgailuei Isuri Gutxiko Eremuan sartzen uztearena da, ingurumen-etiketarik ez duten ibilgailuak izan arren«, gaineratu du Ekologiako zinegotziak.

Mugikortasun Plana

Hiriko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektuaz, bestalde, 33 alegazio jaso dira; herritarrek, elkarteek eta tokiko beste erakunde eta eragile batzuek eginak.

Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak «herritarrei eskerrak emateko» baliatu du aukera, haren «Sailak landu duen planteamenduari egindako ekarpenengatik. Izan ere –esan du–, proiektua aberasteko eta gure hiriaren etorkizuneko mugikortasunari buruzko ikuspegi desberdinak biltzeko balio izan dute, eta gai garrantzitsua da, oso, mugikortasuna«.

Aztertutako alegazio batzuk «lehen ere planean islatuta zeudelako baietsi dira, nahiz eta ez duten aldaketarik eragin hasieran onartutako testuan; eta beste batzuk, berriz, balio erantsia ekarri dute eta, hala, azken idazketan sartu dira» adierazi du Yarzak.

Azken horien artean dira 10 erakundek edo pertsona fisikok aurkeztu eta aldaketa batzuk ekarri dituztenak. Hor dira, adibidez,

  • Satrustegi etorbideko erdiko lorategia Ondarretako lorategietan sartzeko bidea izatea hura berrantolatzeko garaian;
  • gidatze efizientea sustatzearena ere sartzea taxi-zerbitzua hobetzeko neurrietan;
  • gertuko aireportuetarako linea espezifikoak koordinatzea;
  • desgaitasuna duten pertsonek zikloak erabiltzea sustatzea;
  • Anoetako ekitaldietarako mugikortasun-plan espezifiko bat idazteko proposamena;
  • Parte Zaharreko zamalanei buruzko alegazioak, eta
  • garraio publikoaren irisgarritasun unibertsalari buruzkoak