Ertzaintzak “man in the middle” metodoa erabiliz iruzur egiten zuen talde bat desegin du

0

Iruzurrezko 10 transakzio identifikatu dira Estatuan eta atzerrian, eta 1.200.000 eurotik gorako iruzurra egin da guztira. Martxoaren erdialdean, Ertzaintzak eta Polizia Nazionalak bederatzi miaketa eta zazpi atxiloketa egin zituzten Madrilgo Torrejón de Ardoz eta Alcalá de Henares herrietan eta Granadako Guadix herrian. Iruzur-metodo horretan, egileek bi enpresaren arteko komunikazioa eteten dute eta transferentziak inplikatuek kontrolatutako kontu batera desbideratzen dituzte.

Joan den martxoan, Ertzaintzak “man in the middle” izeneko metodoa erabiliz iruzur egiten zuen talde kriminal bat desegin zuen, Polizia Nazionalarekin batera egindako operazio batean. Euskadin eta Estatuko beste leku batzuetan iruzurrezko bost transakzio identifikatu ahal izan dituzte, eta atzerriko enpresetan jatorria duten beste bost, eta 1.200.000 eurotik gorako iruzurra egin da guztira. Sei pertsona atxilotu eta bederatzi miaketa egin zituzten Torrejón de Ardoz eta Alcalá de Henares herrietan (Madril) eta Guadixen (Granada).

“Man in the middle” izenez ezagutzen den iruzurrean, hirugarren batek ohiko merkataritza-harremana duten bi enpresaren arteko mezu elektronikoak eteten ditu. Iruzurgileak ordainketa-datuak aldatzen ditu eta, era horretara, dirua desbideratzen du iruzurgileek kontrolatzen duten beste kontu batera.

Ikerketa 2023ko urtarrilean hasi zen, enpresa batek iruzur-mota hori salatu zuenean eta Ertzaintzak, Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren bidez, ikerketa hasi zuenean. Lehenengo ikerketen arabera, eta kontuan hartuta susmagarriak Madrilgo Komunitateko herrietan bizi zirela, Polizia Nazionalaren laguntza eskatu zuten, eta, era horretara, bien artean NIDO operazioa hasi zuten. Agenteek egiaztatu zuten inplikatuek enpresen arteko agiri pribatuak ere manipulatu zituztela eta euren mezuetan faktura faltsuak erantsi zituztela. Ustezko iruzurgileek kontrolatzen zituzten banku-kontuetan sartutako dirua ateratzen zuten, legez kanpo lortutako dirua desbideratzeko helburuarekin.

Egindako bederatzi miaketetan, agenteek gailu elektroniko ugari konfiskatu zituzten, besteak beste, gama altuko 17 telefono mugikor, hiru ordenagailu eramangarri eta hiru tableta, bai eta bankuko 31 txartel, hainbat banku-agiri eta eskudirutan 49.000 eurotik gora ere.  Zazpi atxilotuetako sei 20 urtetik 23 urtera bitartekoak dira eta zazpigarrena 56 urtekoa, eta guztiei iruzurraren delitua, sekretuak agerraraztea, egoera zibila usurpatzea, dokumentuak faltsutzea, kapitalak zuritzea eta talde kriminaleko kide izatea leporatu dizkiete. Egitate horiengatik, beste gizon bati ere deklarazioa hartu zioten ikertu gisa.