IV. STEAM Euskadi Sariek hezkuntza zientifiko-teknologikoko euskal jardunbiderik onenei aitortza egin die

0
  • Laugarren edizioan sarituak izan dira, besteak beste, honako hauek sustatutako proiektuak: Jado Ikastetxea, Don Bosco LHII eta Kutxa Fundazioa
  • STEAM Hezkuntzako 127 ekimen aurkeztu dira; horietatik 80k lortu dute STEAM Euskadi zigilua, STEAM Hezkuntzaren izaera nabaria aitortzen duena
  • Hezkuntza Sailak Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan antolatzen ditu sari hauek, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteei eta giza zientziei lotuta– bultzatzeko xedez

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak IV. STEAM Euskadi Sariak banatu ditu gaur Bilbon, STEAM Euskadi Estrategiaren baitan. Hezkuntza Sailak antolatzen dituen sari hauek Euskadin garatzen ari diren STEAM Hezkuntzako praktika onenak aitortzen eta bistaratzen dituzte, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arte eta humanitateekin lotuta- bultzatzeko helburuarekin. STEAM ingelesezko akronimoa da: Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics.

Sailburuarekin batera, ekitaldian izan dira Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Plangintza eta Nicolas Sagarzazu, Lanbide Heziketako Plangintza eta Antolaketa zuzendaria. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren izenean, Alaitz Landaluze Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak hartu du parte.

STEAM Euskadi Estrategia

Laugarren edizio honetan saritutako taldeak nahiz gainerako parte-hartzaile guztiak zoriondu ondoren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gogorarazi du STEAM Euskadi Estrategiaren helburua 2018an, jaio zenean, zeukan berbera dela gaur ere. «Ikasle guztiak eduki horietara hurbiltzea nahi dugu, horiekiko beldurra gal dezatela eta, azkenean horietan eroso sentitzen badira, eduki horiekin lotutako unibertsitate ikasketak edo Lanbide Heziketako ziklo bat ikas dezatela. Informazio eta ezagutza guztia izan dezatela, erabaki ahal izateko».

Horrela bada, poza azaldu du, urteen poderioz «ikusi dugulako gero eta gehiago izan direla STEAM irakaskuntzen ezagutza sustatzen inplikatu diren ikastetxeak, erakundeak, Lanbide Heziketako ikastetxeak eta unibertsitateak». «Zientziak, teknologia, ingeniaritzak edo matematikak konplexuak izan daitezke, ez oso erakargarriak. Baina gakoa da nola helarazten dizkiegun eduki horiek ikasleei, eta batez ere neskei; izan ere, askotan neskek ez dituzte ikasketa horiek hautatzen», adierazi du.

Azkenik, irakasleek ikastetxeetan STEAM hezkuntza-proiektuak bultzatzeko eta ezartzeko egiten duten lana ere eskertu eta nabarmendu du sailburuak.

Saritutako ekimenak

Sariketaren deialdia Hezkuntza Sailak egiten du Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. Laugarren edizio honetan, honako kategoria hauetan banatu dira sariak:

  • Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak
  • Unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak
  • Beste erakunde batzuek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak

Kategoria bakoitzean lehen sari bat (3.000 eurokoa), bigarren sari bat (2.000 eurokoa) eta 1.000 euroko aipamen berezi bat banatu dira, genero ikuspegia aintzat hartuta azken hori.

Laugarren edizio honetan ekimen hauek izan dira sarituak:

 

Kategoria: ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak

LEHEN SARIA:

Proiektua:    Feel-Think-Do!

Ikastetxea:   Jado Ikastetxea (Erandio, Bizkaia)

Saria:           3.000 euro

Proiektu honen baitan, Jado Ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek jostailu sentsorial bat eraiki behar dute, material birziklagarri eta birziklatuak erabiliz, beren ikastetxeko 3-4 urteko haurrentzako. Horretarako, adin horietan garatzen diren zentzumenak eta emozioak aztertu behar dituzte, zientzia, teknologia eta artea erabiliz. Ikastetxeko proiektu integratua da, adin eta etapa desberdinetako ikasleak batzen dituena. Erronka formatuan garatzen da. Proiektu honetan hainbat elementu nabarmentzen dira, hala nola iraunkortasuna eta sormena eta ikasleen arlo sozio-emozionalarekiko sentsibilitatea.

BIGARREN SARIA:

Proiektua:    Makina sinpleak Txikipedian

Ikastetxea:   Orokieta HLHI (Zarautz, Gipuzkoa)

Premio:        2.000 euro

Orokieta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek edukiak sortzen dituzte Txikipedian –zehazki, hiru orrialde–, makina sinpleen funtzionamendua azalduz (txirrika, gurpila, palanka…). Horretarako, besteak beste, slowmotion teknika darabilten bideoak ere baliatzen dituzte. Teknologia, ingeniaritza eta artea batzen dituen proiektua da, osagai nagusitzat komunikazio eta dibulgazio soziala dituena (Txikipediaren bitartez). Aurkeztutako makinen funtzionamenduari buruzko azalpenarekin batera, horrekin lotura duten STEM lanbideak ere ezagutarazten dituzte.

GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA:

Proiektua:     Zergatik gertatzen dira istripuak?

Ikastetxea:    Santa Maria de la Providencia – Aldatze ikastetxea (Eibar, Gipuzkoa)

Saria:            1.000 euro

Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek jostailuzko auto bat diseinatu eta eraiki dute, trafiko-istripuak nola gertatzen diren eta horiek nola saihestu ulertzeko. Bide-segurtasuna eta kontzientziazioa ardatz dituen proiektua da, plastika, teknologia eta zientziak erabiliz. Seinaleak ikastea, auto baten zatiak ezagutzea, autoa eraikitzea, abiadura eta balaztatze kalkuluak egitea… Hori guztia STEAM filosofiarekin eta genero-ikuspegia elementu nagusi hartuta, gelako neskei protagonismoa emanez.

 

Kategoria: unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak

LEHEN SARIA:

Proiektua:   SilverBotak, belaunaldien arteko STEAM hezkuntza-esperientzia solidarioa

Ikastetxea:  Don Bosco LHII (Errenteria, Gipuzkoa)

Premio:       3.000 euro

Don Bosco ikastetxeko modulu, ziklo eta etapa desberdinetako ikasleek robotika sozialaren erabilgarritasuna ikertu dute, haur-eskoletan nahiz egoitza gerontologikoetan aplikatzeko. Proiektu honek osagai sozial garrantzitsua du, zainketen esparruan teknologia (robotika kolaboratiboa) integratzen asmatu du. Proiektua, helburu berarekin elkarlanean aritu diren Lanbide Heziketako adar edo familia desberdinen arteko osagarritasunaren eta lankidetzaren adibide da. Gainera belaunaldien arteko zubiak eraikitzen ditu.

BIGARREN SARIA:

Proiektua: UPV/EHUko Hezkuntzarako VIII. App Azoka. “Guztiok guztiontzat sortutako teknologia”

Zentroa:     UPV/EHU (Bilboko Hezkuntza Fakultatea + Bilboko Ingeniaritza Eskola)

Saria:         2.000 euro

Hezkuntzarako App-en Azokaren VIII. edizioaren baitan, UPV/EHUko ikasleek (Hezkuntza Graduak, Ingeniaritza Masterra eta UPV/EHU – Down Sindromea Fundazioaren Gela) adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako 8 app sortu dituzte lankidetzan. Ikuspegi inklusibo garrantzitsua duen proiektua da. Dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta aplikazioak garatzeko teknologiak batzen ditu.

GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA:

Proiektua: Kontuz! Ez nazazu zapaldu!

Zentroa:    Plentziako Itsas Estazioa (UPV/EHU)

Saria:        1.000 euro

Herritarren zientzien STEAM proiektua da. Bigarren Hezkuntzako ikasleek euskal itsasertzari buruz duten ezagutza zabaltzea du helburu, biodibertsitatea eskala mikroskopikoan landuz. Biologiaren arloko proiektu honek ikerketa eta naturaren aurkikuntza uztartzen ditu, metodo zientifikoaren bidez. Lupa jartzen du, edo mikroskopioa, hondartzara joaten garenean denok zapaltzen dugun hondar horren gainean, oinpean dugunaz jabetu gaitezen.

 

Kategoria: beste erakunde batzuek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak

LEHEN SARIA:

Proiektua:      Bihotz berdeak

Erakundea:    Kutxa Fundazioa

Saria:             3.000 euro

Hezkuntza ez-formaleko ekimena da, naturarekiko interesa duten 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendua. Urtean zehar 13 irteera egiten dituzte naturguneetara, herpetologia, ornitologia, etnografia eta antzeko diziplinetara hurbilketak eginez. Gazteak, natura, zientzia eta adituen jakintza uztartuz kultura zientifikoa sustatzen duen proiektua da. Aisialdi hegemonikoaren alternatiba bikaina, gazteei zuzendua.

BIGARREN SARIA:

Proiektua:     Donostia Innovation Challenge

Erakundea:   Donostia Sustapena

Saria:            2.000 euro

5 hilabeteko programa honen helburua gazteen gaitasun berritzaileak trebatzea da. Hiriko erronkak lankidetzan ebaztea proposatzen die gazteei. Horien artean sormena eta berrikuntza sustatzeko ekimen egokia da, hiriko erronka errealen aurrean hobetzeko ideiak proposatzea eskatzen baitzaie.

GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA:

Proiektua:    Matematikhariak

Erakundea:  BCAM – Basque Center For Applied Mathematics

Saria:           1.000 euro

Ikasle gazteei matematikek daukaten magia eta erakargarritasuna helarazten dien proiektua. Diziplina honen ikuspegi berritzaile eta erakargarria eskaintzen du. Proiektu honek matematika erakargarri egiten du ikasleentzat, papiroflexia, irudi geometrikoak, erronkak… eta gisa horretako jarduera ludikoen bidez. Matematikaren mundurako ateak irekitzen dituen ekimena da, eta matematikak eguneroko bizitzako arlo askotan presente daudela gizarteratzen laguntzen du.

Finalistak

STEAM Euskadi Sarietako epaimahaia enpresa-inguruneko eta ingurune akademiko, zientifiko eta teknologikoko zazpi profesional adituk osatzen dute, eta bost finalistaren lana ere aitortu du edizio honetan aurkeztutako 127 hautagaitzaren artean. Honako hauek izan dira finalista:

  • “STEAM – auzogune bateko energia sistema”, Karmengo Ama Ikastetxea (Amorebieta-Etxano)
  • “Bolero”, Etxebarri BHI (Etxebarri)
  • “Insects, Essence of Life?”, Urdaneta ikastetxea (Loiu)
  • “Olioaren birziklapena eta garbikariak”, Lauro Ikastola (Loiu)
  • “BiSKY Team”, UPV/EHU

STEAM Euskadi zigilua

Aurten sariketan parte hartu duten 127 hautagaitzen artean, 80k lortu dute STEAM Euskadi zigilua. Bereizgarri horrek STEAM hezkuntzaren izaera nabaria duten ekimenak saritzen ditu, hau da, STEM asmo profesionalak eta bokazio zientifikoak sustatzeko eta ikasleen STEAM trebakuntza hobetzeko helburua duten ekimenak. Guztiak STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean (www.steam.euskadi.eus) jasoko dira, inspirazio-iturri izango diren STEAM hezkuntza-ekimen gisa.

STEAM Euskadi Sariek agerikotasuna ematen diete euskal ikasleen trebakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzen duten ekimenei, eta lortutako inpaktua, berrikuntza-maila eta emakume ikasleak diziplina hauetara erakartzeko gaitasuna hartzen dituzte kontuan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Euskadi Estrategiaren barruan daude kokatuta, eta Euskadiko garapen ekonomikoa eta soziala ziurtatzeko elementuak dira.