Eusko Jaurlaritzak 190.000 euro bideratuko ditu euskal kultura ondarea babesteko ikerlanak sustatzeko dirulaguntzen deialdira

0

Gobernu Kontseiluak, gaur, dirulaguntzen deialdia onartu du, 2024 eta 2025. urteetan euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuei buruzko ikerketa-lanak egiteko, haien adierazpen immaterialak izan ezik. Lanek ondare materialaren ondasun higiezinetan zein higigarrietan zentratu ahal izango dira, eta aztertutako ondasunen ezaugarriei edo garrantziari buruzko ezagutza berria sortu beharko dute, EAEko kultura-ondarea babesteko ikuspegitik balioesten laguntzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 190.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara. Proiektuak ehuneko ehuneraino lagundu ahal izango dira diruz, betiere 15.000 eurotik gorakoak ez badira.

Diruz lagunduko diren proiektuak 2024ko ekitaldian hasi beharko dira, eta 2025eko urriaren 31 baino lehen amaitu.

2023ko deialdian, Euskal Kultura Ondarea babesteko 14 ikerketa-proiektu lagundu ziren diruz.