Javier Hurtado sailburua eta Jordi Hereu ministroa gaur elkartu dira turismo jasangarria sustatzen eta elkarlana bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartuta

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Jordi Hereu Industria eta Turismoko ministroarekin eta Rosario Sánchez Turismoko estatu-idazkariarekin elkartu da gaur, orain arte egin den lan-koordinatua eta etorkizuneko proiektuak jorratzen jarraitzeko. XIII. Legegintzaldia hastearekin batera, sailburuak bilera-txandari ekin dio, gaur Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agenda Ministerioarekin hasi eta Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioarekin amaituko dena.

Hereu ministroarekin egindako bileran, sailburuak koordinatuta lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Sailburuak Euskadiko turismo-sektoreari buruzko analisia egin du eta “turismo-industriak bere une historikorik onena bizi” duela esan du, eta erantsi du Eusko Jaurlaritza horretan ari dela laneanturismoaren kanpo-eragin positiboak bultzatzeko eta kanpo-eragin negatiboak arintzeko”.  

“Euskadin turismo jasangarriaren aldeko apustua egin dugu, eta fluxuen mugimendua, baliabideen banaketa hobea eta hazkunde kualitatiboaren gainetik desestazionalizazioa lehenesten ditugu. Eta helburu horiek sendotzen ari gara; izan ere, turismoak gora egiten du sasoiz kanpo eta oso gutxi hazten da sasoiko hilabeteetan. Gainera, askotariko helmuga jasangarri eta kalitatezko gisa sendotzen ari da, bisitatzen gaituztenen profilari eta portaerari buruzko gure azken txostenen arabera”.

Eredu hori indartzeko, oso garrantzitsuak izan dira Ministerioak autonomia-erkidegoen bidez hedatutako Europako funtsak; izan ere, azken 3 urte hauetan Euskadin 98 milioi baino gehiago izan dira turismoaren sektorearentzat, eta “gure profesional, enpresa, eskualde eta udalerrientzat beharrezko bultzada dinamizatzailea izan dira”, esan du.

Eredu hori indartzen jarraitzeko, beharrezkoa da sektorea arautzen eta kontrolatzen jarraitzea, adibidez etxebizitza turistikoen gaiarekin, eta horiek izan ziren Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioarekin batera egindako azken Konferentzia Sektorialaren ardatz nagusia. Sailburuak Euskadiko egoera azaldu dio ministroari, eta adierazi du erabilera turistikorako etxebizitzak araututa eta kontrolatuta daudela 2016ko Turismoaren Legeaz geroztik. “Udalekin lankidetza-protokolo bat itxi dugu; erabilera turistikorako etxebizitzak eta logelak arautzeko dekretua landu dugu; ikuskatzaile-taldea handitu dugu; salaketa-postontzia prestatu dugu; eta informazio- eta ikuskapen-kanpainak egin ditugu, horietako azkena 2023aren amaieran, eta kanpaina horretan 1.117 ikuskapen egin ziren eta 376 zehapen-espediente ireki ziren”.

Era berean, otsailean onartu zen iraupen laburreko alokairu-zerbitzuen Europako Erregelamenduaren garrantzia ere azpimarratu du, eta adierazi du oinarrizko tresna dela ezkutuko etxebizitzak kontrolatu ahal izateko, plataformak informazioa trukatzera behartzen baititu.

Erregelamenduak 2 urtera arteko aplikazio-epea du, estatuek leihatila bakarra sortzean oinarritzen baita. Euskadik dagoeneko badu establezimendu turistikoen erregistro propioa, REATE, 2019tik dekretu bidez arautua, eta Erregelamenduaren aplikazioa azkarrago egin daiteke, beraz, lana aurreratuta baitago. Horregatik, Espainiako Gobernua iraupen laburreko alokairuen Europako Erregelamendua aplikatzeko egiten ari den lana eskertu du, eta leihatila bakarra garatzeko prozesuaz galdetu du.

Sailburuak eta ministroak, bilera amaitzeko, lankidetzatik eta gobernantzatik lanean jarraitzeko bi administrazioen konpromisoa adierazi dute, turismo jasangarria, lehiakorra eta herritarren ongizatean lagunduko duena sustatzen jarraitzeko.