Javier Hurtado sailburua eta Pablo Bustinduy ministroa kontsumo-eskubideen defentsarako koordinazioa indartzeko elkartu dira

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Pablo Bustinduy Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren ministroarekin elkartu da. XIII. Legegintzaldia hastearekin batera, eta berriro ere Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko arduradun izendatu ondoren, sailburuak bilera-txandari ekin dio, eta gaur hasi da bere sailaren erantzukizun-arloetan eskumena duten hiru ministerioetan bilerak egiten.

Bileran, Autonomia Erkidegoak eta Ministerioak elkarrekin egin duten lanari buruzko hainbat gai jorratu dituzte, bai eta etorkizuneko proiektuak ere.  Sailburua prest agertu da kontsumoaren arloan, herritarren eskubideei eragiten dieten gaietan, besteak beste, turismo-erabilerarako etxebizitzenean, koordinazioa indartzen jarraitzeko. Alde horretatik, sailburuak azaldu du urte hauetan Eusko Jaurlaritzatik arautze- eta kontrol-lan zorrotza egin dela; izan ere, 2018an onartu zen etxebizitza turistikoei buruzko Dekretua, eta, gainera, iruzurraren aurkako postontzia abian jarri da eta ikuskapen-taldea indartu da.  Berez, 2023an kanpaina espezifiko bat gauzatu zen, eta 1.117 ikuskapen egin ziren eta 376 zehazpen-espediente ireki ziren. “Euskadin lanak eginda dauzkagu, eta iraupen laburreko alokairuen Europako Erregelamenduan modu proaktiboan lan egin dugu. Erregelamendu horrek, indarrean sartzen denean, plataformak gurekin informazioa trukatzera behartuko ditu, ezkutuko etxebizitzak arinago eta eraginkortasun handiagoz kontrolatzeko.

Hori dela eta, sailburuak Sailaren laguntza osoa eskaini du kontsumo-gai horri eta beste batzuei buruzko proposamenetan. Ildo horretan, Ministerioak duela gutxi iragarri du ikerketa abiaraziko duela lizentziarik gabeko etxebizitza turistikoen publizitatea jazartzeko, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorrari jarraituz.  “Erakundeok koordinatuta lan egin behar dugu gure eskumeneko gaietan, kasu honetan pertsonek kontsumoaren arloan dituzten eskubideei eragiten dietenetan edo haien ongizatean eragin zuzena izan dezaketenetan”.

Horrela, Javier Hurtado sailburuaren eta Pablo Bustinduy ministroaren arteko bilera honetan, bi aldeek adierazi dute elkarrekin lan egiten jarraituko dutela kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa indartuko duten eta merkataritza-jardunbide bidezkoak eta jasangarriak sustatuko dituzten politiketan aurrera egiteko.