Udalak ekintza plana proposatu du alokairuaren merkatuan eragiteko

0

Etxebizitza merkatu tenkatuaren eremuaren izendapenaren prezioen mugaketak Donostiako etxebizitzen %3ri eragingo dio

Donostiako Udalak hilabeteak daramatza lanean Eusko Jaurlaritzari alokairuaren eremu tenkatuaren izendapena eskatzeko beharrezkoa den dokumentazioa prestatzeko. Aurkeztu beharreko dokumentuak segidakoak dira: justifikazio-memoria bat, biztanleriaren egoerari, etxebizitzaren merkatuari eta irisgarritasun-mailei buruzko diagnostikoarekin; eta neurrien plan espezifiko bat eta horren aplikazioaren kronograma.

Horretarako, udal gobernuak Donostiako Etxegintzarekin batera hainbat bilera egin ditu udal taldeekin zein beste hainbat eragilerekin, eta bertan aipatutako dokumentazioa aurkeztu diete eta ekarpenak egiteko aukera eman diete.

Prezioen mugatzea: etxebizitza guztien %3an eragina

Etxebizitza merkatu tenkatuaren izendapenak izango duen ondorio ezagunena da alokairuaren kontratuen errentaren mugatzea. Eta zehatzago, mugatuko diren kontratuak etxebizitza askoren jabe diren pertsonek egiten dituzten kontratu berriak dira, baita aurretik alokatu ez diren jabe txikien etxebizitzen kontratu berriei ere.

Donostian etxebizitza askoren jabe diren pertsonen kopurua ez da oso handia. Kalkuluen arabera 3.000 etxebizitza dira, beraz, neurriak hirian dauden etxebizitza guztien (95.000) %3ri bakarrik eragingo dio. Kontuan hartu behar da ere, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, hirian 9.349 etxebizitza bideratzen direla epe-luzeko alokairura.

Ekintza plana: lau ardatz estrategiko

Tenkatutako eremuan sartzeko eskaera egiteko Udala lantzen ari den ekintza planak lau ardatz estrategiko ditu, eta bertan, alokairuaren merkatuaren egoera hobetzeko hainbat neurri ezartzen dira:

  • alokairu jasangarriaren sustapena;
  • eraikinen parkearen eta hiri-berroneratzearen gaineko jarduketak;
  • alokairurako prestazio eta laguntzen sistema;
  • eta erakundeen arteko koordinaziorako sistemak.

Horiek horrela, Nekane Arzallus pozik agertu da prozesuaren garapenarekin, izan ere Udalak ekintza plana osatu ahal izango du uda ondoren hiria tenkatutako eremua izendatzeko eskaera ofiziala egin ahal izateko.