Ur jarduera seguru baten aldeko kanpaina

0
binary comment

Udalak eta Basque Water Safetyk eskuorria egin dute Donostiako itsasertzean egiten diren ur-jarduera eta kirol praktika seguruak izateko aholku eta arriskuen berri ematen

PSISZ (Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua) Suhiltzaile / Babes Zibilak eta Donostiako Udaleko Ingurumen departamentuak eskuorria egin dute hiriko hondartzetan ur-jarduerez eta bainuez gozatzeko izan behar diren hainbat aholkurekin. Horretarako, Zurriola hondartzako Zmare gunean dagoen Basque Water Safety enpresaren laguntza izan dute, izan ere, besteak beste, ur erreskate eta sorospena egiteko formazio saioak egiten dituen enpresa da.

Eskuorriak Next Generation Funtsen finantziazioa izan du, eta “Donostiako itsasertzean ur-kirolen praktikarako segurtasuna hobetzeko proiektuaren” barruan dago. Eta proiektu hau garatzen ari da PSISZ Suhiltzaile / Babes Zibilaren ekimenez.

Proiektuak 3 urtetarako Ekintza Plana garatu du, eta 5 erreferentzia puntu ezarri ditu: prebentzioa, formazioa, teknologiaren erabilera, sorospena eta erreskatearen zerbitzua indartzea, eta agentzia ezberdinen arteko elkarlana.

Ur jardueretako arriskuen eta segurtasun aholkuen gaineko kanpaina

Eskuorriak arrisku ohikoenak zehazten ditu, eta egingo diren uretako jardueretan segurtasuna hobetzeko aholkuak deskribatzen ditu.

Era berean, Kantauri itsasoari eta haren ezaugarri espezifikoei buruzko lehen informazio orokorra eskaintzen du.

Ondoren, ohiko jarduerei buruzko aholkuak ematen ditu, hala nola bainuan, itsasoko igeriketan eta hainbat uretako kiroletan, besteak beste, paddle surfean, piraguismoan, surfean, bodyboardingean eta bodysurfean.

Era berean, eskuorriak korronte batek itsaso barrura arrastatzearen aurrean nola jokatu azaltzen du, eta horretarako eskemak eta beste hainbat informazio baliatzen ditu, baita Zurriolako hondartzako korronte nagusiak, espezifikoak eta ohikoak ere.

Azkenik, eskuorriak segidako informazio orokorra eskaintzen du: larrialdi-kasuetarako deitu beharreko telefonoa (112) eta QR bi kode SOS Deiak-en APPa deskargatu ahal izateko, edozein gertakariren berri eman ahal izateko.