Osakidetzak Santa Marina Ospitaleko larrialdi zerbitzuko egonaldi laburreko unitatea handitu du

0

Urtean 1.200 paziente inguru artatzen dituen unitate horrek dagoeneko arreta indibidualizatua ahalbidetzen du gune guztietan  

Santa Marina Ospitaleko Larrialdi Zerbitzua goitik behera berritu zen 2019an, eta gaur egun arreta asistentzialerako bi gune ditu: banakako 12 box dituen osasun-azterketetarako gunea eta Egonaldi Laburreko Unitatea (ELU). Udako hilabete hauetan egindako obrarekin, Egonaldi Laburreko Unitatea handitu egin da, eta banakako 8 box (lehen 5 zituen) eta 200 metro koadro inguruko azalera ditu.

Santa Marina Ospitaleko larrialdietako unitateak urtean 7.125 pertsonari baino gehiagori ematen die zerbitzua, eta horietako 1.200 Egonaldi Laburreko Unitatean artatzen dira. Paziente horien % 65i euren ohiko ingurunera ematen zaie alta segurtasun-baldintzetan, beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak saihestuz, eta hori mesedegarria da bai pazienteentzat bai haien familientzat.

ELUko egonaldia gehienez 72 ordukoa da, eta diziplina anitzeko profesional taldeetan oinarritutako arreta eskaintzen da bertan, arreta integrala emanez eta Zerbitzuaren egitura adineko pazienteen beharretara egokituz, hobeto zainduta sentitu daitezen, euren beharretara moldatutako giro atseginagoan. 8 boxetan erlojuak eta telebistak daude desorientazioa saihesteko, eta euste mekanikoak kendu egin dira.

ZERBITZU MONOGRAFIKOA BIZTANLERA GERIATRIKOARENTZAT

Santa Marinak biztanleria geriatrikoarentzako larrialdietako zerbitzu monografikoa du, Estatuko bakarra. Bizkaiko paziente kronikoei eta patologia anitzak dituztenei edo zainketa aringarriak behar dituztenei ematen die arreta.  Batez besteko adina 86 urte da, eta azken 3 urteetan bikoiztu egin da bertan artatzen diren eta egoitzetan instituzionalizatuta dauden pazienteen kopurua, eta 1.100 izatetik  2.300 izatera igaro dira, ospitalea Bizkaiko eremu soziosanitarioko erreferente gisa posizionatu izanaren ondorioz.

ASISTENTZIA HUMANIZATUA

Sortu zenetik, Zerbitzuaren ezaugarria izan da arreta humanizatua eta gertukoa ematea, banakako asistentzia bermatzen duena eta pazienteak aurretik zuen autonomia mantentzen laguntzen duena, ospitaleratze konbentzionalen konplikazioak saihestuz. Gainera, larrialdi-zerbitzuan dagoen bitartean, pazientea hasieratik beti senide batek edo zaintzaile batek lagunduta egon daiteke.