Hondarribiko Udalak Jai Nagusietako kartela eta egitaraua aurkeztu ditu

0

Hondarribiko Udalak irailaren 6tik 11ra ospatuko diren Jai Nagusietako kartela eta egitaraua aurkeztu ditu. Prentsaurrekoan, Ortzi Alonso eta Josu Peña Kultura eta Gizarte Kohesioko zinegotziek eta Goio Uriarte eta Maddi Carton Kultura teknikariek hartu dute parte.

Kartelari dagokionez, lehiaketaren irabazlea Oier Gil Mendizabal hondarribiarra izan da, ‘Denok egiten dugu festa’ leloa duen kartelarekin. Ortzi Alonsok nabarmendu du aurtengo kartel zein argazki lehiaketetan parte hartzea iazkoa baino handiagoa izan dela.

Alonsok jaietako egitaraua aurkeztu du ere, eta hura Udala eta udalerriko eragileen arteko elkarlanaren emaitza dela azaldu du. Izan ere, proposamenak emailez jasotzeko aukera eskaini da, eta herriko elkarteekin bi hitzordu antolatu dira ere. “Herriko eta eskualdeko 32 elkartek parte hartzen dute programan, gehienak Hondarribikoak, eta horrek ematen dio aberastasuna egitarauari”, esan du Alonsok.

Horrekin batera, Kultura zinegotziak herritarrek jaiez gozatu dezaten udal langile eta teknikariek egiten duten lan mardula balioan jarri nahi izan du.

Aurtengo jaien egitarauak lau ardatz nagusi ditu, haur, nerabe, gazte eta helduei zuzendutako jarduerekin. Ohikoa denez, irailaren 6an haur eta nerabeek emango diete hasiera jaiei, Pregoi Txikiarekin eta zezen puzgarrien enzierroarekin.

Hilaren 7ko 12:00etako txupinazoak emango die hasiera ofiziala jaiei. Aurten, berrikuntza gisa, suziria Arma Plazako balkoitik botako dute, Paradorrearen goiko aldetik bota beharrean. “Gaztelua leku paregabea izanda ere, aldaketa honen helburua txupinazoa jendearekin elkarbanatu eta herritarrei hurbiltzea da”, azaldu du Alonsok. Egun horretan bertan, 12:30ean, hiriko Urrezko Intsignia jartzeko ekitaldia izango da udaletxean.

Bestalde, aipatzekoa da aurten txosna gunea indartuko dutela bikoiztu egin den kontzertu programazioarekin. Horietako azpimagarrienak irailak 6, 8 eta 10eko kontzertu bikoitzak dira, hurrenez hurren, Zea Mays eta Azkura DJ’s, Akerbeltz eta DJ Bull eta Esne Beltza eta DJ Elepunto. Gainera, hilaren 9an eta 10an Arma Plazan ere kontzertuak egongo dira, Elegancia Mexicana eta Belar Hostoak taldeen eskutik.

Haur, nerabe eta gazteentzat ekimen ugari

Kasino Zaharreko nerabeen gunea indartu da ere. Aurten, Gazte Kanttua izendatutako gunean kontzertuak eta ekitaldiak egongo dira, urtean zehar egiten den Kultura eta Gazteria sailen arteko elkarlanari jarraipena emanez.

Aldi berean, herritarren eskaerari erantzunez, urtero Harresian jartzen den haurrentzat parke erraldoia Gernikako Arbolan kokatuko da, gune zabala eta itzalduna izan dadin.

Bukatzeko, aurten ferianteak eta barrakak Minatera kalean kokatuko dira. Erabaki honen helburua guraso eta txikienek gune irisgarriagoa, hurbilagoa eta egokiago bat izan dezatela da. Barraka gunean behar bereziak dituzten haurrentzako hitzordu bereziak egongo dira. Batetik, zaratarik gabeko guneak jarriko dituzte irailaren 5ean, 9an eta 12an, 17:00etatik 20:00etara. Bestalde, irailaren 9an goiz egokitua egingo dute. Horrez gain, bi egun herrikoi izango dira, prezio merkeagoekin.

Prebentzio kanpainak

Paraleloki, jaietan prebentzio kanpainak jarriko dira martxan, kontsumo arduratsua sustatzeko. “Herritarrei dei egiten diegu herri osoan jai giro horretan bizilagunekin enpatiaz jokatzeko. Bizikidetza guztion artean landu behar dugu eta”, adierazi du Alonsok.

Gizarte Kohesio aldetik, aurreko urteko ildoari jarraituz, mugikortasun urriko pertsonentzako egokitutako guneak jarriko dituzte, batez ere jaietako ekitaldi nagusietan. “Irailaren 6an, kantineren aurkezpenean, gune bat egokituko da Gipuzkoa plazan, bai eta hilaren 7an Arma Plazan, aurreskua ikusteko, eta 8an Alardea ikusteko, Kale Nagusian, Damarri plazan eta arratsaldez Martxoak 8ko plazan”, esan du Peñak.

Horretaz gain, aurten Udalak Berdintasun teknikaria duenez, udan indarkeria matxistaren aurkako kanpaina bat abiatu da, jaietan jarraipena izango duena. “Gaur egun oraindik erasoak ematen dira, Gasteizen, Donostian, Bilbon eta bestelako udalerrietan gertatu izan dira, eta horri garrantzia eman nahi diogu”, azaldu du Gizarte Kohesiko zinegotziak.

Horretarako, 688 718 797 telefonoan bi profesionalek behar duten herritarrei arreta emateko zerbitzua eskainiko dute egunero. Gainera, hilaren 3an, 4an eta 5ean arreta gune bat jarriko da Portuan, Azeri elkartearen parean, 20:00etatik 23:00etara. Ondoren, 6an, 8an eta 10ean Itsas Etxean arreta puntua egongo da 20:00etatik 23:00etara eta 23:00etatik 8:00etara artatze puntu bat, telefonoz ez ezik, profesionalak herrian bertan egon daitezen, eraso horiek jasan ditzaketenak artatzeko.