Garbi ospatu kanpaina

0

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak, Euskal Jai eguneko festari begira, herriko gazteriari zuzendutako zaborren gestioari buruzko kanpaina berri bat antolatu du.

Joan den urtean bezala, kanpainaren muina, festaren osteko egunean ateratako argazkia dira eta helburua, gazteen kontzientzia aktibatzea da, festetan ere, zaborrak dagokien puntuetan botatzeko.

Aurtengo leloa ‘Garbi ospatu, eta itsasoa babestu’ da. “Lelo honekin eta kanpaina berri honekin kontzientziatu nahi dugu kalean botatako zabor guztiaren zati handi bat hondartzan eta itsasoan amaitzen dela”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Udal garbiketa zerbitzuek ahaleginak egin arren, zabor horren zati handi batek itsasoan amaitzen du. Ozeanoek 150 milioi tona plastiko baino gehiago dituzte gaur egun, eta kopuruak gora egiten jarraitzen du. Ozeanoetako plastikozko irlen argazkiak ikustean arazoaren larritasunaz ohartzen gara. Itsasoko bizitza suntsitzen ari gara eta dagoeneko plastikozko arrastoak aurkitu ditugu gure organismoan”.

Banan-banan, hondakinak batu eta arazoa larriagotu egiten da, eta banan-banan, geldiarazi egin behar dugu. Pertsona bakoitzak kontatzen du eta ekintza txiki bakoitzak kontatzen du.

“Horregatik, festak gogoz ospatzeko deia egiten dugu baina, era berean, gure hondartza eta itsasoa zaintzekoa ere bai. Posible da eta denontzat onuragarria”, gogorarazi du Vazquezek.

Kanpaina

Irailaren 2tik aurrera 5 kartel daude jarrita herriko hainbat puntutan kanpainaren leloarekin, herriko gazte kontzientziatuak protagonista dituzten bideoak eta iragarkiak ematen dira Guka.eus webgunean eta Guka Telebistan, eta @eraztunberdeurdina-ren sare sozialetan kontzientziazioa sustatzeko informazioa zabaltzen da.

Larunbatean eta igandean hainbat begiralek zaborren kudeaketaren arazoaren eta martxan jarritako lehiaketaren berri emango diete gazteei, eta Euskal Jai egunean karpa bat jarriko da Malekoian, gazteekin interakzioan jarraitzeko eta kanpainan aktiboki parte hartzera animatzeko.

Lehiaketa

Gainera, Udalak gazteak informatzeko, kontzientziatzeko eta partaide egiteko lehiaketa bat antolatu du, herriko negozio batean gastatzeko 200 euroko bi sarirekin. Parte hartzeko, argazki bat elkarbanatu beharko dute Instagramen, hondakinak edukiontzietan utziz, #NikGarbiOspatukoDut traola erabiliz eta @eraztunberdeurdina aipatuz.

Zozketa Euskal Jai egunean egingo da, Malekoiko karpan, 19:30ean.

Egin bat kanpainarekin, eta jaia ospatzeaz gain, zaindu eta babestu ingurunea!