Eusko Jaurlaritzak 82 herrialdetako 867 startup erakarri ditu berrikuntza teknologikoko proiektuak garatzeko Euskadiko 70 enpresa liderrekin batera

0

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak lortu du mundu osoko startupen parte-hartzea inoiz baino handiagoa izatea SPRIren bitartez kudeatzen duen BIND berrikuntza irekiko plataforman. Garapen-bidean dauden enpresa horien nahia da 70 konpainia liderrek haiek aukeratzea, Euskadin proiektu teknologiko eta berritzaile bat abian jartze aldera.

9. deialdian 82 herrialdetako 867 startupek, guztira, eman dute izena. Bederatzi deialdi hauetan, aurten inoiz baino inskripzio gehiago izan da, iaz baino % 12 gehiago esaterako. Aurten, gainera, euskal startupen inskripzioa %34 handiagoa izan da, 53 startup hain zuzen.

Izan ere, ekimen publiko/pribatu hau maila globalean zabalik dagoen berrikuntza-plataforma handienetako bat da, enpresa pribatuen eta erakunde publikoen arteko elkarlanaren emaitza. 2016an hasi zuen bidea, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, hain zuzen haren SPRI Taldearen bitartez eta Euskadiko ekintzailetzako ekosistemaren UpEuskadi plataformaren bitartez.

Bederatzi urte hauetan, BIND plataformak 240 startup eta scaleup baino gehiago bizkortu ditu, eta 310 proiektu baino gehiago jarri ditu abian, 8 milioi eurotik gorako fakturazioarekin.

Deialdi hau itxi ondoren, BIND plataformako 70 enpresa kideek —besteak beste,Mercedes-Benz, Talgo, Orona, GH Cranes, Sidenor, Ormazabal, Ramondin, Bayer eta Uvesco— teknologia disruptiboak dituzten proiektu berriak garatzeko parte-hartzaileak hautatuko dituzte, betiere industria adimendunaren, energia garbien, jasangarritasunaren, osasunaren eta elikaduraren arloetan. Hautespen-prozesua 2025eko urtarrilaren 31n amaituko da.

Euskadiko 53 startup, Estatuko gainerako 130, Europako 337 eta Latinoamerikako 122.

BIND plataformak ospe eta interes handia du mundu osoan, baita Euskadiko startupen artean ere. Aurten Euskadiko 53 startupek eman dute izena, 2023an baino % 34 gehiagok. Bestalde, inskripzioen kopuruari erreparatuta, Estatuko gainerako startupek jarraitzen dute nagusi izaten, 130 guztira, hau da, guztien % 15.

BIND plataforman 82 herrialde daude ordezkatuta, joan den urtean baino % 12 gehiago. Aurten oso handia da Europako startupen kopurua, 377 hautagai, hau da, guztien % 56. Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Alemania dira ordezkaritza handiena duten Europako herrialdeak.

Europako kontinentetik kanpo, Latinoamerikakoak dira hautagai gehien, 122 guztira, Kolonbia, Argentina eta Brasil buru direla. Azken deialdi honetan, hautagaien % 78 nazioartekoak dira, nazioarteko 684 startup erregistratu baitira.

Adimen artifiziala nagusi da eskaintza teknologikoan

Hautagaien % 30ek, hau da, 246 hautagaiek adimen artifiziala aplikatzen duten proiektuak proposatu dituzte, industria efizienteagoa eta jasangarriagoa sortzera bideratutako soluzio berritzaileak gara daitezen. Soluzio horien artean nabarmentzen dira Machine Learning, adimen artifizial sortzailea, adimen artifizial egokitzailea edo irudiaren prozesamendua / ikusmen artifiziala. Adimen artifizialaren ondoren, aurten agerikoa da Software, IoT eta Energy Tech teknologien aldeko apustua.

Startupen soluzioak aplika daitezkeen jarduera-sektoreei dagokienez, adierazgarria da edizio honetako hautagaien % 63ren soluzioak industria adimendunerako aplika daitezkeela —proposamenetako 545—, eta, bigarren, % 36ren soluzioak energia garbiak eta jasangarritasuna lortzeko aplika daitezkeela (315). % 27, hau da, 237 startupen soluzioak, osasunaren arloan aplikatzekoak dira, eta % 17, hau da, 148 startupen soluzioak, elikaduraren sektorean dira aplikatzekoak.

Edizio honetan aurkeztutako beste jarduera-eremuen artean daude energia-efizientzia eta ingurumen-inpaktuaren murrizketa; industria-prozesuen eraldaketa, optimizazioa eta digitalizazioa; mobility soluzioak, eta abar. Horrez gain, osasunaren arloan, hiru kategoria espezifiko barne hartu ziren, diagnostikoaren, terapeutikaren eta asistentziaren arloetako soluzioetarako.

Material berriak eta hidrogenoa: industrian gora egiten ari den joera 

Aurtengo startup hautagaien proposamenen artean ikusi ahal izan den joera berritzaileetako bat material berrien erabilera da, bai hondakin edo produktu birziklatuetatik sortutakoak, bai erregai edo eroale mota berriak sortzekoak. Helburua da efizientzia handiagoko materialak lortzea eta etorkizunean jasangarritasuna sustatzea. Horixe da, hain zuzen, askotariko erabileretara (osasunetik eta medikuntzatik hasi eta ekipamendu industrialaren sorkuntzaraino, edo produktu bioteknologikoetaraino eta elikadura-produktuetaraino) bideratzen diren 40 hautagaitza inguruk planteatzen dutena.

Beste joeretako bat hidrogeno-soluzioak dira; izatez, deialdi honetan erregistratutako 13 hautagaitza deskarbonizazioan, energia-efizientzian eta mugikortasunerako eta industriarako energia-iturri berrietan, besteak beste, oinarritzen dira.