Eva Ferreira: “Unibertsitate sareak analisi eta gogoeta gune dira, eta aurre egiten diete diskurtso errazei eta populismoei”

0
Ezkerretik eskuinera: Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, José García Ruminot Txileko Senatuko presidentea eta Rafael Rosell Aiquel Albako Unibertsitateko errektorea, Graduondoko Sare Latinoamerikarraren VIII. | Argazkia: UPV/EHU.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak inauguratu du Graduondoko Sare Latinoamerikarraren Nazioarteko Biltzarraren VIII. edizioa, oraingo honetan Txileko hiriburuan egin dena, “Ezagutza Sareak Ehuntzen” lelopean. José García Ruminot Txileko Senatuko presidentea eta Rafael Rosell Aiquel Universidad del Albako errektorea ere izan dira ekitaldi horretan.

Irekiera ekitaldian, UPV/EHUko errektoreak azpimarratu du unibertsitate sareen balioa, mundu global eta interkonektatu batean, ideiak abiadura handian hedatzen diren testuinguru batean: “Aukeraz beteriko mundu bat da, baina baita mehatxuz beterikoa ere. Ideiak azkar doaz batetik bestera, eta populismoa eta diskurtso errazak azkartasun horretaz baliatzen direnean, inoiz baino gehiago behar ditugu era honetako ezagutza sareak. Sare fisikoak, pertsonak eta herriak hurbiltzen dituztenak, baina baita sare mentalak eta intelektualak ere. Sare sendoak, gai direnak analisi metodikoa, kritikoa eta errealista egiteko”.

Graduondoko Sare Latinoamerikarra da euskal unibertsitate publikoak 1997an bultzatu zuen unibertsitateen arteko nazioarteko lankidetza egitasmo bat. Orduz geroztik, UPV/EHUko irakasleak aritu dira master ofizialak eta doktorego programak ematen, eta doktorego tesiak zuzentzen, Latinoamerikako unibertsitateetan, nazioarteko harreman eta lankidetza proiektu espezifiko baten barruan.

Gaur egun, Graduondoko Sare Latinoamerikarra osatzen dute 12 herrialdetako 22 unibertsitatek, UPV/EHUrekin hitzarmena dutenak, eta helburua da sarea zabaltzea Amerikako herrialdeetako beste unibertsitate batzuekin. Unibertsitate sare hau da benetako komunitate akademiko bat, etengabe elkarlanean diharduena eta bi urtean behin nazioarteko biltzar bat antolatzen duena sarea osatzen duen unibertsitate batean. Nazioarteko Biltzarrak aukera ematen die unibertsitateei elkartzeko, elkar ezagutzan sakontzeko eta informazioa trukatzeko, eta doktoregaiek baliatzen dute ere beren ikerketetan egiten dituzten aurrerapenen berri emateko.

Sareak lan akademiko handia egin du sortu zenetik. Orain arte, 268 doktore trebatu ditu eta 1.800 lagun baino gehiago graduatu dira haren masterretan.