2025eko Donostiako udal zerga-arauak onartuta

0

23 udal zerga eta tasetatik 12 aldatuko dira

Donostiako Udalbatzarrak 2025ko udal zerga-arauak onartu ditu iraileko ohiko udalbatzarrean. Pertsonen kudeaketa, ekonomia eta aurrekontuen zinegotzi Kerman Orbegozok gogorarazi du, 2025erako proposamena baldintzatuta dagoela, alde batetik, Udalak hainbat zerbitzu emateagatik izan duen kostuen gehikuntzarengatik, eta bestetik, Europar Batasunak hondakinak jasotzeko zerbitzuak defizitik ezin duela izan jarritako baldintzagatik.

Horiek horrela, Orbegozok azaldu du, ondorioz, 23 udal zergetatik 12 aldatuko direla. Eta aldaketa horiek ezinbestekoak direla Donostiak eskaintzen dituen udal zerbitzuak hobetzeko eta hiritarren bizi kalitatea bermatzeko. Hortaz, segidakoa gaineratu du “Proposatu ditugun aldaketen helburua da gure hiriak aurrera egiten jarraitzea, udal zerbitzu publikoen eskaintza sendotuz, betiere donostiarren ongizatea lehenetsiz. Gure asmoa da udal baliabideak modu eraginkor batean kudeatzea, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe”.

Zerga arau berrien tramitazioa amaitu da Udal gobernuaren, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeen arteko hainbat akordiorekin, baita EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeen zuzenketa tekniko eta arau proposamen baten onarpenarekin ere.

Tasak

  • Garabia: %3,9
  • Hondakin bilketa: %26,54
  • Jabari Publikoaren Okupazioa:

– Bide publikoan jartzen diren kutxazain automatikoak: %3,9

  • TAO: %7,8 gune gorrietako eta berezietako tarifetan eta udako egoiliar txartelaren tarifetan. %3,9 gainerako guneetako tarifetan. %10 Berioko autokarabanen parkina.
  • Ura eta Saneamendua: %3,9
  • Udal zerbitzu eta jarduerak

– Larrialdiko etxebizitzak: egun bakoitzeko ordaintzen den tasa 7,5 eurotatik 19,91 eurotara handituko da (ia kasu guztietan Gizarte Ekintza departamentuak ordaintzen du).

  • Hondartzetako zerbitzuak: toldo, karpa, etabar, zerbitzuen denboraldia irailaren 30era arte luzatu. Erabiltzaileei tarifa egokitu.

Zergak

  • OHZ: 3,9%. Hainbat hobaritan hobekuntzak (familia ugariak, alokairu-programei utzitako etxebizitza hutsak, eguzkiaren energia eta energia eraginkorra erabiltzen duten instalazioak).
  • Ibilgailuen gaineko zerga: Foru Arauak ezartzen duen prozedura berrira egokituko da, hain zuzen ere, desgaitasun maila aitortzeko, adierazteko eta kalifikatzeko prozedura berrira, eta balorazio zaharrentzako xedapen iragankorra erantsiko zaio.
  • Hiri izaerako lursailen balio gehikuntzaren gaineko zerga: %3,9
  • Ekonomi Jardueren gaineko zerga (IAE): %3,9
  • ICIO delakoa: Elizak dituen salbuespenak kendu egingo dira 2023ko Ministerioaren Aginduari jarraituz, eta eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistemak erabiltzen dituzten obren gaineko hobariei buruzko artikuluaren idazketa hobetuko da.