Bueltan da Parketarrak Donostiako 22 auzotako jolasgune eta plazetara

0

Urriaren 7tik 25era, familiei eta haurrei euskaraz jolasteko baliabideak emateko

Urriaren 7tik 25era izango da Parketarrak, haurrak euskaraz jolasean aritzeko ekimena, Donostiako 22 jolasgunetan. Hezitzaileek dinamizatutako jokoak dira eta Udaleko Euskara Zerbitzuak jartzen ditu herritarren eskura. Parketarrak doakoa da, eta, parte hartzeko, parkera joan eta dinamizatzaileekin jolasten hasi besterik ez da egin behar.

Astelehenetik ostiralera egingo da Parketarrak, ohi denez arratsaldez, honako 22 auzotan:

  • Aiete
  • Altza Herrera, Altza Casares
  • Antigua (Mikel Laboa plaza)
  • Añorga
  • Amara Berri (Olaeta eta Rafael Ruiz Balerdi parkea)
  • Amara Zaharra (Araba parkea)
  • Egia (Martin Santos eta Atotxa Zelaia plazak)
  • Erdialdea (Arroka plaza)
  • Gros (Katalunia eta Nafarroa Behera plazak)
  • Ibaeta
  • Igeldo
  • Loiolako Erribera
  • Intxaurrondo
  • Martutene
  • Morlans
  • Parte Zaharra (Zuloaga plaza)
  • Bidebieta
  • Zubieta

Aipatu auzo horietako plazetan eta parkeetan haurrak eta gurasoak bi taldetan bilduko dira: Zabu Zibu izeneko taldean 3-5 urte arteko haurrak eta haien arduradunak; eta Txirrintxon deiturikoan, 6-9 urte bitarteko umeak.

Jolasa da jardueraren funtsa, erreminta ezin hobea delako hizkuntza barneratzeko, eta jolasguneetan jartzen diren dinamizatzaileak dira jarduera gidatzeaz arduratzen direnak.

Aurten, uda aurreko txandan, maiatzean, 1.000 haurrek eta 250 gurasok parte hartu zuten Parketarrak jardueran. Datuok adierazten dute jarduera diberitigarria eta erakargarria dela eta haurrek zein helduek gustura hartzen dutela parte.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak auzoetako euskara batzordeekin elkarlanean antolatzen du Parketarrak. Hiru asteko txanda horietan, saioak astelehenetik ostiralera izaten dira. Auzo bakoitzak bere asteguna dauka, eta informazio guztia txandak hasi aurretik zabaltzen da.

Hemen urriko egutegia