Zarauzko Udalbatzak Genero Berdintasunerako lehen Barne Plana onartu du

0

Zarauzko Udalbatzak Genero Berdintasunerako lehen Barne Plana onartu zuen iraileko ohiko saioan. Proposamenak, aho batez, alderdi politiko guztien babesa jaso zuen. Udalerriko gizon eta emakumeen arteko berdintasunarekin erlazionaturiko udal politikan definitu, antolatu eta planifikatzen dituen 2022ko IV Berdintasun Planak ez bezala, Plan honen helburua da administrazio publikoko langileek berdintasunaren arloan dituzten lan-eskubideak bermatzea eta sexuagatiko bereizkeriarik eza zaintzea.

“Berdintasun Saileko arduradun politiko naizen aldetik, esan nahi dut harro nagoela Zarauzko Udala berriro ere aitzindaria delako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko neurri bat ezartzen; izan ere, Euskadiko udal gutxik dute berdintasunerako barne-plan bat”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak. Berdintasunerako barne-plana egitean, bultzatzen ari garena da zenbait neurri hartzean sakontzea eta aurrera egitea. Neurri horien helburua da emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa bermatzea lanpostuen, ordainsarien eta gainerako lan-eskubideen definizioan, lan-baldintza duinak eta ez-diskriminatzaileak bermatuz”.

«Kontziliazioa bultzatzeko neurrien garrantzia azpimarratu nahi dut bereziki. Egia da Zarauzko Udalak baduela horren inguruko neurriren bat, ordutegi-malgutasuna adibidez, baina beharrezkoa da neurri horiek zabaltzea, kasuistika desberdinak kontuan har daitezen, adibidez, gizartean dauden familien aniztasunagatik».
Plan hau aurrez gauzaturiko diagnostikotik abiatu da, honi esker detektatu ahal izan baitira Zarauzko udalak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dituen indarguneak eta hobetzeko arloak.

Planak izaera estrategikoa du, eta Zarauzko Udaleko lan-ildoak zehaztuko ditu lau urteko indarraldian (2024-2027). Ildo horiek bost ardatzetan egituratzen dira:

1.    Berdintasunarekin konprometitutako estrategia eta antolaketa.
2.    Berdintasunari buruzko prestakuntza.
3.    Tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa pertsonen kudeaketan.
4.    Lan-osasuna.
5.    Kontziliazio erantzukidea.

Gainera, kronograma eta adierazle-sorta bat ere definituko dira, neurri horien ezarpen-maila eta Udalean duten eragina ebaluatzeko.

«Plan hau onartzeak gure kudeaketa-sistema hobetzea ekarriko du, bai eta sexuagatiko diskriminaziorik gabeko barne-egitura izatea ere. Aldi berean, berdintasuna eraginkorra eta benetakoa izango den gizarte baterantz aurrera egiten laguntzen dugu», gehitu du Vazquezek. «Plan hau genero-berdintasunarekin eta Udaleko plantillan ekitatea lortzearekin dugun konpromiso irmoaren isla da».