Eskualdearen etorkizuna eratzeko ardatza izango den Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoa egiteko lankidetza-prozesua hasi da

0

Atzo egindako bilerarekin, erakundeen arteko talde eragileak hasiera eman zitzaion Busturialdea-Urdaibairi buruzko hausnarketa integral eta estrategikoa egiteko prozesuari; 2025eko udaberrian amaituko da, orduan onartuko baita Eskualdeko Plan Estrategikoa.

Atzo arratsaldean, Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren talde eragilearen lehen bilera egin zen Madariagatorrean, Busturian. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Busturialdea-Urdaibaiko udalak daude talde horretan. Topaketan, planaren helburuak partekatu dira eta aurreikusitako metodologia eta lan-egutegia aurkeztu dira. Helburua da Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoa 2025eko udaberrian onartzea. Eskualdeko egungo egoeraren diagnostikoaren aurrerapen bat ere aurkeztu da. Aldez aurretik egindako azterlan eta planetan oinarrituta dago diagnostiko hori, bai eta prozesu horren esparruan lehenago egin diren ad hoc elkarrizketetan ere, eta osatzen jarraitzen da oraindik ere.

Diagnostiko-, gogoeta- eta plangintza-prozesu hau Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu-kontseiluen aginduz jarri da abian. Izan ere, Busturialdea-Urdaibai eskualdean erakundeen arteko plan estrategiko bat definitzea eta garatzea erabaki zuten 2024ko otsailean, Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko jarduketa-eremutzat (LJE) jotako eskualdeetan erabilitako ikuspegi metodologiko berberarekin.

Plana egiteko, LJEak garatzeko erakundeen arteko estrategiari dagokion metodologia komuna erabiliko da. Honako ezaugarri hauek ditu:

1. Erakundeen, enpresen, gizartearen eta ezagutzaren arloan eskualdean garrantzitsuak diren eragileak kontuan hartzen dituen parte-hartze prozesu zabal baten ondorio izatea.

2. Eskualdearen garapen sozioekonomikoa modu integralean lantzea.

3. Eskualdearen etorkizunari buruzko ikuspegi estrategiko partekatua lortzea eta definitutako ikuspegian aurrera egiteko ildo estrategikoak eta trakzio-proiektuak definitzea.

4. Eskualdearen bilakaera monitorizatzeko aukera emango duten jarraipen- eta ebaluazio-adierazleak txertatzea.

Bizkaiko eta Euskadiko beste eskualde batzuekin alderatuta, Busturialdea-Urdaibai eskualdeak balio handiko elementu bereizgarria du: Urdaibai biosfera-erreserbatzat jotzen du UNESCOk 1984az geroztik. Ezaugarri bereizgarri horrek eragina du eskualdearen egituran, azpiegituretan eta ekipamenduetan, jarduera ekonomikoan, eskualde barruko eta eskualdeen arteko harremanetan, eta idiosinkrasian ere. Ildo horretan, errealitate horrek baldintzatu egiten ditu eskualdeko herritarren garapen ekonomikoaren eta ongizatearen adierazleak, eta, beraz, erakundeek gogoeta, azterketa eta jarduera espezifikoak egin behar dituzte Bizkaiko eta Euskadiko herritar guztien lehiakortasuna eta ongizatea bultzatzeko.

Talde eragileak gidatuko du lanaren prozesu metodologikoak dituen mugarrien garapena, eta talde horretan eztabaidatuko eta baliozkotuko dira emaitzak. Aurreikusita dagoenaren arabera, orientazioaz, zuzendaritzaz eta erabakiak hartzeaz arduratzen den organo horrek gutxienez beste bi bilera egingo ditu Eskualdeko Plan Estrategikoa prestatzeko prozesuan. Udalak dira protagonistak eta helburu hauek lortu nahi dira: abiapuntuaren ikuspegi adostua definitzea; erakunde guztietatik erantzun integratua eta koherentea ematea eskualdeak dituen eta herritarren ongizateari eragiten dioten erronkei, eta erakundeek eraldaketarako gaitasuna duten trakzio-proiektuak identifikatuko dituztela bermatzea, eskualdearen erronka eta premia nagusiei erantzun ahal izateko. Xedea da proiektu horiek gauzatzean eraginkortasuna eta efizientzia lortzea eta eskualdean ahalik eta inpaktu sozial eta ekonomiko positibo handiena izatea ekarriko duten ahaleginak lerrokatzeko gai izatea.

Eskualdeko 20 udalerrietako alkateek eta Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatutako talde eragilearekin batera, plana egiteko prozesuan beste partaidetza-mekanismo batzuk jarriko dira abian, hala nola eskualdeko partaidetza-foroak, non eskualdean erreferente diren entitateek, erakundeek eta pertsonek parte hartuko duten, eta ideiak, informazioa eta ezagutza plazaratuko dituzte hainbat eremutan. Halaber, herritarrek parte hartzeko espazio bat sortuko da, prozesua funtsezko mugarrietan aberasteko.