Eraldatu giza baliabideen inguruko zure kudeaketa Adimen Artifizial Sortzailearekin SPRIren Barnetegi Teknologikoaren proposamen berria

0

Gaur egun, inoiz baino gehiago, eraldaketa digitala enpresen hazkundea eta lehiakortasuna lortzeko gakoa da. Etengabe aldatzen ari den ingurunean, teknologia berriekin eguneratuta egoteko beharra ezinbestekoa dela esan dezakegu. Barnetegi teknologikoak, 2007an sortu zirenetik, Euskadiko enpresetako zuzendari eta arduradunentzako prestakuntza aurreratuko erreferente bihurtu dira. Jardunaldi trinko horiek talde txikientzako diseinatu ohi dira isolatutako inguruneetan, eta parte-hartzaileak teknologia berritzaileenetan sentsibilizatzea eta trebatzea lortu dute. Gainera, prestakuntza-saio horiek erakundeek beren digitalizazio-prozesuan funtsezkoak diren erabaki estrategikoak hartzeko lagungarriak dira.

(Des)konektatzeko eta erabaki estrategikoak hartzeko egun bat

Topaketa horien formatua denbora maximizatzeko eta erakundeetan benetako inpaktua sortzeko pentsatuta dago. 8 orduko saio trinkoak dira, isolatutako inguruneetan garatzen direnak (landa-hoteletan, adibidez), 10 eta 15 pertsona arteko taldeetan. Modalitate horri esker, parte-hartzaileek EIKTen (Elektronika, Informazioa eta Komunikazioaren Teknologiak) inguruko ezagutzak eskuratzeaz gain, teknologia horiek beren erakundeak nola eralda ditzaketen aztertu ahal izateko gogoeta egin dezakete.
Gainera, ikuspegi praktikoak, “learn by doing” (eginez ikastea) metodologian oinarritutakoak, ziurtatzen du parte-hartzaileek kasu errealetan eta adituen gainbegiradapean lan egitea.
Urte hauetan guztietan, 642 Barnetegi Teknologiko egin dituzte eta horietan 7.154 lagunek hartu dute parte. Horrek agerian uzten du prestakuntza-metodologia honek onarpen handia duela. Parte-hartzaile askok nabarmendu dutenez, esperientzia «tresna zoragarria» da eta «prestakuntza-metodologia oso interesgarria» dela aipatu dute. Horrekin lotuta, eduki konplexuak irisgarri bihurtzeko trebatzaileek duten gaitasuna azpimarratu nahi izan dute.

Berritasuna! Giza baliabideetarako Adimen Artifizial Sortzailea

Aurten, SPRIk modu espezifikoan giza baliabideetako eta talentuaren kudeaketako profesionalei bideratutako Barnetegi Teknologiko berria jarri du abian. Adimen Artifizial Sortzailean (AAS) oinarrituta, prestakuntza berritzaile honen helburua da giza baliabideetako sailei teknologia horren abantailak hurbiltzea, funtsezko tresna baita honako prozesu kritiko hauetan, besteak beste: langileak erakartzea, hautatzea eta talentua kudeatzea. Hala, Barnetegira joaten direnek AASko tresna aurreratuak ezartzen ikasiko dute, gero beren prozesuak optimizatu ahal izateko. Horren bidez, haien erakundean eraginkortasuna eta erabaki estrategikoen kalitatea hobetuko dute.

Erronka teknologiko berrietara egokitzearen garrantzia

Prestakuntza hau eraldaketa digitalaren abangoardian egon nahi duten zuzendari eta gerenteentzako aukera bikaina da. Giza baliabideetan Adimen Artifizial Sortzailearen inguruko ikuspegi berri hori gehituta, erakundeen barruan horren kritikoa den arloan behar teknologikoen gaia jorratzeko eskaintza handituko dugu. Gai horietako batzuk dira hauek: Ikusmen Artifiziala, Zibersegurtasuna, Datuen Analisia eta Informatikariak ez direnentzako Maching Learning-a.

SPRIren Barnetegi Teknologiko batean parte hartzeak egiteko modua eraldatzen, arlo digitalaren inguruko aukerei buruzko gogoeta egiten eta zure erakundean lehiakortasuna hobetzeko tresna horiek nola ezar ditzakezun jakiten hastea esan nahi du. Adimen artifizial sortzailea langileak erakartzeko eta hautatzeko prozesuak eta zure erakundean talentuaren kudeaketa goitik behera alda ditzakeen funtsezko tresna da. Sartu hemen 8 orduko prestakuntza espezializatu berri honi buruzko datu gehiago eskuratzeko. Saioa azaroaren 25ean egingo da Urgoiti jauregian.