Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako enpresak elkarlanean ari dira deskarbonizazioan aurrera egiteko eta energia berriztagarriak bultzatzeko

0

Euskadiko eta Akitaniako enpresen eta ordezkari instituzionalen arteko lankidetza indartzeko Guggenheim Bilbao Museoan egindako ekitaldian, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu du berrikuntza “ezinbestekoa” dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko: “deskarbonizazioa eta energia berriztagarrien hedapena, esate baterako”. Ekitaldia soluzio teknologiko berrien bidez deskarbonizazioa indartzeko asmoz Euskadik, Nafarroak eta Akitaniak osatzen duten Euroeskualdeak asteazken honetarako antolatu duen jardunaldiaren bezperan egin dute.

Bere hitzaldian, Bengoetxeak eskatu du Akitaniako ordezkariekin batera egindako topaketa hori “alboan nor duzuen, indarrak ezagutzeko eta erakundeek elkarrengandik nola ikasi jakiteko” baliagarria izan dadila. Hitz gutxitan esanda, baliagarria izan behar luke Euroeskualdeko enpresa- eta industria-sistema sendotuko duten loturak sortzeko”. Horrekin lotuta, gainera, “gure ibilbide-orrian Europaren berpizkunde industrialaren liderrak izatea” dagoela nabarmendu du.

Asteazken honetako jardunaldia , SPRI Taldearen baitan dagoen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatu du eta honako hauek hartu dute bertan parte: Alain Rousset, Nouvelle-Aquitaineko presidentea;  Arola Urdangarin, Eurorégion Nouvelle-Aquitaine Euskadi Nafarroako zuzendaria; eta Eusko Jaurlaritzako Industria arloko sailburuordea, Andoitz Korta.

Industriako sailburuordeak aipatu duenez, “une historikoa bizi dugu eta gure helburu nagusia ekonomia deskarbonizatura bidean trantsizioa bultzatzea da”. Horrez gain, lehen mailako erronka izateaz gain, “gure ekonomiak eraldatzeko eta Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berria lidergo teknologikoaren eta jasangarriaren abangoardian kokatzeko aukera paregabea ere badela” aipatu du.

Andoitz Kortak azpimarratu duenez, Euskadik, Nafarroak eta Akitania Berriak osatzen duten Euroeskualdeak mugaz gaindiko lankidetza-eredua ordezkatzen du” eta jasangarritasun arloko mundu mailako erronkei aurre egiteko gakoa da. Euskadi aniztasunean eta espiritu berritzailean aberatsa da, eta enpresa txiki eta ertainek teknologiaren eta espezializazioaren bidez sektore estrategikoak nola zuzen ditzaketen erakusten duen adibide bikaina da».

Eusko Jaurlaritzak mugaz gaindiko aliantza horiek sendotzeko bere gain hartutako konpromisoa berretsi ostean, Industriako sailburuordeak honako hau adierazi du: “gaur hemen gaudenon misioa argi dago: trantsizio energetikoaren erronkei aurre egitea ahalbidetuko digun estrategia komunerako euskarriak finkatu nahi ditugu, berritzeko gure gaitasunean eta gure lankidetza-sareen indarrean oinarrituta”.

Jardunaldian, gainera, Euroeskualdearen lankidetza babesteko programak aurkeztu dituzte. Horien guztien helburua da, berrikuntzaren bitartez gure eskualdeetan enpresa-lider berriak sortzeko baldintzak finkatzea.

Ikerketaren eta garapenaren arloko mugaz gaindiko kooperazio-ekimenei esker, Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko enpresek elkarrekin egin dezakete lan, ezagutzak partekatu eta soluzio teknologiko berriak garatu. Lankidetza horren bidez sortuko dira enpresak, deskarbonizazioa ekonomiaren hazkunderako eta lidergo globalerako aukera bihurtzeko.

Horrez gain, “ezkutuko txapeldunei” buruzko eztabaida ere egin dute; hau da, merkatuko hobi oso espezializatuetan mundu mailako liderrak diren enpresei buruz. Euskadin, ezaugarri horiek dituzten berrogeita hamar bat enpresa daude, hau da, Espainia osoko “ezkutuko txapeldunen” % 40.

Gainera, Euskadiko, Nafarroako eta Akitaniako enpresa mota horien arrakasta-kasuak, Hidrogenoaren Euskal Korridorea edo Euroeskualdeko berrikuntzako ekimenak aurkeztuko dituzte.