INARTRANS 4.0 proiektuak Adimen Artifiziala garraio instalazioen eraikuntzan integratzeko lan egiten du

0
PRUEBA

Adimen artifizialaren aplikazioa gero eta ohikoagoa da mota guztietako prozesu industrialetan, eraginkortasuna hobetzeko. Teknologia hori garraioaren sektorean ezartzeko asmoz, INARTRANS 4.0 proiektua jarri da abian. 

Ekimen hori CDTIren eta Espainiako Ikerketa Agentziaren TransMisiones programaren finantzazioa du, eta partzuergo batean biltzen ditu Tekniker zentro teknologikoa eta estatuko beste enpresa eta erakunde batzuk, hala nola Acciona Construcción, Grupo Azvi, edo Alcaláko Unibertsitatea eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa. Aurreikuspenen arabera, 2026ko abenduan amaituko da. 

Proiektuaren helburu nagusia da garraio-azpiegituren eraikuntzaren sektorearen digitalizazioa bizkortzea, haren lehiakortasuna handitzeko, sektorearen balio-kate osoan IA konponbideak erabilita. Eraikuntzaren esparruan, eraginkortasuna, segurtasuna, produktibitatea eta kalitatea hobetu nahi dira prozesuaren etapa guztietan, plangintzan eta proiektuaren gauzatzean. 

Beste arlo batzuetan, hala nola azpiegituraren kudeaketan eta mantentze-lanetan, INARTRANS 4.0ren asmoa da eraginkortasuna eta segurtasuna handitzeaz gain, jasangarritasuna ere handitzea. Era berean, hainbat iturritako datu-bolumen handiak aztertzeko eta kudeatzeko sistema integral bat garatuko da, operazio bateratua errazteko eta automatizazio eraginkorragoa lortzeko. 

Proiektuaren barruan, Tekniker Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidearen zeregina eraikitze-baimenen eta betetze-kontrolen kudeaketan elkarreragingarritasuna bermatuko duen tresna bat garatzea da. “Konponbide horri esker, eraikuntza-prozesuan parte hartzen duten eragile guztiek, agintariek nahiz enpresek, informazio bera modu koherente eta eraginkorrean eskuratu ahal izango dute”, azaldu du Francisco Javier Díez Teknikerreko ikertzaileak. 

Zentro teknologikoak azpiegituren eraikuntza- eta mantentze-fase guztiei buruzko informazio kritikoarekin lan egingo du. “Mantentze-lanak optimizatzeko aukera emango duten adimen artifizialeko ereduak ezarriko ditugu, azpiegituraren aurrerapena eta egoera etengabe monitorizatzeari esker, eta mantentze-premiei modu eraginkorrean erantzungo diegu”, adierazi du Teknikerreko ikertzaileak.  

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Smart Industry, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du. 

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.