Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak Ekonomia Ituna aldatzea erabaki du, autogobernu ekonomikoa eta euskal erakundeek nazioarteko foro fiskaletan duten parte hartzea areagotu dadin

0
PRUEBA

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 16 akordio hartu ditu, aho batez, lau arlo nagusitan. Akordio horien artean daude: Ekonomia Ituna aldatzea, Euskadiren autogobernu ekonomikoa eta finantzarioa handitu dadin; Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek nazioarteko erakunde eta foro fiskaletan parte hartzea; 2022ko eta 2023ko behin betiko enplegu-politika aktiboen, eta 2024ko behin-behinekoen, kupoa eta balorazioa zehaztea; eta Euskadik osasunarekin eta sexu-delituen biktimekin lotutako jardueretarako zenbait ezohiko zuzkiduratan duen partaidetza % 6,24koa izatea.

Oraingo honetan, Valentziako Erkidegoak bizi duen tragediak eragindako ezohiko inguruabarrak direla eta, Estatuko ordezkariek zein Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek telematikoki biltzea eta erabaki horiek telematikoki sinatzea adostu dute. Euskadiko ordezkariak izan dira: Noël d’Anjou, Ogasun eta Finantzetako sailburua; María Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko diputatu nagusia; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; eta Iñaki Alonso, Ogasuneko sailburuordea. Bestalde, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkariak izan dira: María Jesús Montero, Gobernuko lehen presidenteordea eta Ogasuneko ministroa; Jesús Gascón, Ogasuneko estatu-idazkaria; María José Gualda, Aurrekontu eta Gastuen estatu-idazkaria; Arcadi España, Lurralde Politikako estatu-idazkaria; Miryam Álvarez, Lurralde Koordinazioko idazkari nagusia; eta Inés Olóndriz de Moragas, Autonomia eta Toki Finantzaketako idazkari nagusia.

EUSKADIKO EKONOMIA- ETA FINANTZA-AUTOGOBERNUA INDARTZEA.

Adostutako Ekonomia Itunaren aldaketek hogei bat artikuluri eta bi xedapen gehigarriri eragiten diete. Alderdi hauekin zerikusia dutenak nabarmentzen dira: Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan arau-autonomia handitzea; foru-ogasunek betebehar formalei eta kudeaketa-betebeharrei dagokienez duten arau-ahalmena handitzea 14 zergatan, barnean dela Balio Erantsiaren gaineko Zerga; eta, dimentsio txikieneko zergadunek beren egoitza fiskaleko zerga-administrazioarekin soilik harremanak izatea eta hari soilik zergak ordaindu ahal izatea bermatzen duen eragiketa-bolumenaren atalasea urtean 10 milioi eurotik 12 milioi eurora igotzea. Horrela, Sozietateen gaineko Zergan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergan foru-ogasunei soilik ordaintzen dieten zergadunen kopurua handitu egingo da, eta zergadun horiei zerga-betebeharrak betetzea errazten zaie. Horrek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia- eta finantza-autogobernua bultzatzen du, eta ongizate handiagoa dakar.

Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga Euskal Autonomia Erkidegoak arautuko duen zerga itundua izango da kasu guztietan. Orain arte establezimendu iraunkor baten bidez Espainiako lurraldean jarduten duten zergadunentzat besterik ez zen, eta orain ez-egoiliar guztiei zabaltzen zaie autonomia-erkidegoko arau-ahalmena. Hori mugarri bat da Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia arauemailearentzat, errentaren eta ondarearen gaineko zerga orokor guztiak, alderdi guztietan, Batzar Nagusiek onartutako arauen arabera erregulatzea eragiten baitu. Azken finean aukera ematen baitu zergadun ez-egoiliarrei ere aplika dakizkien jarduera ekonomikoa sustatu eta dinamizatzeko neurriak eta foru-erakundeek onartzen dituzten jarduera jakin batzuk sustatu eta dinamizatzeko neurriak, horrek Euskadin atzerriko inbertsioa handitzeko dakarren eragin positiboarekin.

Sinatutako akordioak, bestalde, Foru Aldundiek 14 zergatan duten berezko arau-ahalmena eta betebehar formalen arloan duten kudeaketa-ahamena areagotzen du. Hauek dira zerga horiek:

  1. Balio erantsiaren gaineko zerga
  2. Kreditu-entitateetako gordailuen gaineko zerga
  3. Energia elektrikoaren produkzioaren balioaren gaineko zerga
  4. Gastatutako erregai nuklearraren produkzioaren eta energia nukleoelektrikoa sortzearen emaitzazko hondakin erreaktiboen gaineko zerga
  5. Gastatutako erregai nuklearra eta instalazio zentralizatuetako erregai erradioaktiboak biltegiratzearen gaineko zerga
  6. Gasa, petrolioa eta kondentsatuak erauztearen balioaren gaineko zerga
  7. Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga
  8. Aseguru-primen gaineko zerga
  9. Zerga bereziak
  10. Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga
  11. Berotegi-efektuko gas fluoratuen gaineko zerga
  12. Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga
  13. Zabortegietan hondakinak uztearen, erraustearen eta batera erraustearen gaineko zerga
  14. Joko-jardueren gaineko zerga

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen eskumen-esparrua zabaltzeak 14 zerga horiei eragiten die eta batik bat adierazgarria da Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez. Foru-ogasunei aukera emango die betebehar formalei eta kudeaketa-betebeharrei buruzko arauak egokitzeko zergadunentzako kargak murriztuz. Gainera, karga horiek betetzea errazteko aukera emango du TicketBai! sistemarekin.

Inportaziorako balio-erantsiaren gaineko zerga.

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak inportazioak egiten dituzten foru-zergadunentzako garrantzi handiko beste akordio bat lortu du.

Estatuko Administrazioak 2015ean beste kudeaketa-sistema bat sartu zuenenetik (inportaziorako balio erantsiaren gaineko zerga Estatuaren eskumen esklusiboa da), zergadunei aukera ematen zitzaien balio erantsiaren gaineko zergaren ordainketa aduanetan aurreratu beharrik ez izateko. Hala ere, foru-ogasunei zergak ordaintzen zizkieten zergadunak sistema horretatik kanpo zeuden eta finantza-karga gehigarri bat jasaten dute, diru hori aduanan aurreratu behar baitzuten eta, ondoren, foru-ogasunen bidez berreskuratu behar baitzuten.

Gaur, bi administrazioen artean problematika zehatz-mehatz aztertzea adostu da, Euskadiko zergadunentzako irtenbide bat adostea lortzeko.

EUSKAL ERAKUNDEAK NAZIOARTEKO FORO FISKALETAN PARTE HARTZEA

Gaur sinatutako akordioek foru-ogasunen eskari historiko bat barne hartzen dute: nazioarteko eta, bereziki, Europar Batasuneko ekonomia-foroetan presentzia izatea eta parte hartzea, bai leihatila bakarraren erregimenei dagokienez, bai, estatuko agintaritzak egiten duen nazioarteko truke orotan, foru-ogasunetatik datorren informazioaren ikusgarritasunari dagokionez.

Horrekin batera, euskal erakundeek Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluaren (ECOFIN) organoetan duten parte-hartzea zabaltzea onartu da, esaterako Goi Mailako Taldeetan parte hartzea eta osoko bilkuretan parte hartzea, zergen eta jokabide-kodeen arloko gaiak aztertzen direnean.

Eta lehen aldiz onartzen da Euskadik Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen fiskalitateari buruzko nazioarteko foroetan parte hartzea (FHTP – Forum on Harmful Tax Practices, Global Forum, FTA – Forum on Tax Administration), baita Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen eta G-20 taldearen oinarri-zergei eta etekinen transferentziari (BEPS) buruzko esparru inklusiboko lanetan ere. Foro horretan, hain zuzen, 140 estatuk baino gehiagok parte hartzen dute, eta multinazionalei gutxienez % 15eko zerga ezartzeko oinarriak finkatu dira, edo ekonomia digitaleko erraldoiek jurisdikzio bakoitzean zer tributazio izango duten zehazten ari da. Nazioarteko fiskalitatearen arloan ere alde biko eta aldizkako lan-saioak ezartzen dira bi alderdien artean —Estatukoa eta Euskal Autonomia Erkidegokoa—.

2022-2023ko BEHIN BETIKO KUPOEN ETA 2024ko BEHIN-BEHINEKOEN INGURUKO AKORDIOA

Gaur sinatutako akordioen artean daude 2022 eta 2023rako behin betiko eta 2024rako behin-behineko kupo likidoen eta finantza-konpentsazioen onarpena. Gainera, 2022 eta 2023rako behin betiko eta 2024rako behin behineko politika aktiboen balorazioak adostu dira.

  2022 2023   2024
B.BET. KUPO LIKIDOA M€ 1.711,90 1.618,50 B.BEH. KUPO LIKIDOA M€ 1.504,50
B.BET. POLITIKA AKTIBOAK M€ 262,4 251,9 B.BEH. POLITIKA AKTIBOAK M€  284,3

Gainera, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak enplegu-politika aktiboen finantzaketaren inguruan 2010etik lortutako akordio guztiak eguneratu eta bateratu ditu, eta egonkortasuna eta iraute-bermea eskaini die ekonomia-politikaren arlo horretako finantzaketa-iturriei. Era berean, partaidetza-akordioa berritu egin da, Euskadik Europako Gizarte Funtsetik datozen zuzkiduretan duen partaidetzari iraunkortasun-izaera emanez.

EUSKADI ASKOTARIKO EZOHIKO ZUZKIDURETAN PARTE HARTZEA

Egozpen-indizea (% 6,24) kontuan hartuta, Euskadik Lehen Mailako eta Europako Erkidegoko Arreta Planaren eta Sexu-indarkeriaren Biktimentzako Laguntza Ekonomikoen ezohiko zuzkiduretan izango duen partaidetza adostu da, 11,6 me eta 68.000 eurorekin, hurrenez hurren.

EKONOMIA ITUNAREN BATZORDE MISTOAREN BESTE BILERA BAT EGITEKO KONPROMISOA

Bestalde, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek konpromisoa hartu dute urte amaierarako Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren beste bilera bat egiteko, behin talde multinazionalentzat eta talde nazional handientzat gutxieneko ezarpen-maila globala bermatzeko Zerga Osagarri bat ezartzen duen Lege Proiektuaren parlamentu-tramitazioa osatu ondoren. Izatez, lege hori onartu ostean, Ekonomia Ituna aldatu beharko da, lege horrek sortutako zerga berriak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen eskumenetan sar daitezen, Batzar Nagusiek arautu ahal izan ditzaten eta une honetan negoziatzen ari diren konexio-puntuen arabera aplika daitezen. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilkurak egin ostean, Gorte Nagusietan berretsi beharko dira Ekonomia Itunaren aldaketak.

Euskal erakundeen iritziz, horrek balioa ematen dio Ekonomia Itunaren ereduari eta Euskadiko eta Estatuko erakundeen arteko finantza- eta zerga-harremanetan nagusi den aldebikotasunari. Horrez gain, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren zeregin nagusia aitortzen du, topaketa, eztabaida eta elkarrizketarako gune lasai gisa eta gure autogobernuaren ekonomia- eta finantza-arloari eragiten dioten eta euskal herritarrentzat ongizate handiagoa dakarren autonomia ahalbidetzen duten gai nagusiei buruzko akordiorako gune gisa.