Imanol Pradales Lehendakaria lehen lan-bilera honen buru izan da. Bertan parte hartu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahaldun nagusiek, Eudeleko presidenteak, Jaurlaritzako eta foru-erakundeetako gobernantzako eta administrazio publikoetako arduradunekin batera. Helburu bateratua dute: administrazio publikoa garai berrietara egokitzeko estrategia adostea
Lehendakaritzan bildu dira, gaur arratsaldean, euskal administrazio publiko ugari, helburu komun batekin: “Guztion artean euskal administrazio arinagoa eta lehiakorragoa eraikitzea. XXI. mendera egokitutako administrazioa, zerbitzu publikoa eta pertsonen arreta hobetuko dituena”. Hala laburbildu du Imanol Pradales Lehendakariak bileraren aurretik egindako aurkezpenean. Bertan, euskal administrazio guztiek partekatzen dituzten helburuak plazaratu ditu.
Erronka garrantzitsu horrek estrategia bateratua behar duela gogorarazi du Lehendakariak. “Eraldaketa garaiak bizi ditugu, eta, horri egokitutako sistema eta estrategia bateratua ezarri behar dugu”, gaineratu du.
Lehendakariak deitutako lehen lan bilera hau izan da etorkizunerako lan-ildoak ezarri dituen abiapuntua. Hemendik aurrera, erakunde guztietako gobernantza arduradunek lanean jarraituko dute administrazio publiko eraginkorragoa, gardenagoa eta herritarrentzat eskuragarriagoa lortzeko.
Bileran hiru lurraldeetako Foru Aldundietako ahaldun nagusiek hartu dute parte -Bizkaiko Elixabete Etxanobek, Gipuzkoako Eider Mendozak eta Arabako Ramiro Gonzalezek-. EAEko udalen izenean, Esther Apraiz Eudeleko presidentea izan da. Era berean, euskal erakunde guztietako gobernantza alorreko hainbat arduradun ere izan dira. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua eta Agustín Zubillaga Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea izan dira. Foru Aldundietakoak honako hauek izan dira: Jone Berriozabal, Arabako Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza diputatua; Ager Izagirre, Bizkaiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua; eta Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantza diputatua.