PRUEBA
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Zumaiena ikastetxea bisitatu du gaur, Zumaiako ikastetxeko gune berrituak ezagutzeko. Arkitektura planteamendu berri baten emaitza erakutsi dute gaur, ikasleen ikaskuntza hobetzea helburu duena. Arkitekturak eta hezkuntza-espazioaren diseinuak ikaskuntzaren hobekuntzan duten eraginaren adibide gisa balio izan du. Iñaki Ostolaza alkatea eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko Foru Diputatua ere bertaratu dira.
Pedrosa sailburuak adierazi duenez, sormena, lankidetza, berrikuntza eta ekintzailetza hobeto gara daitezke espazio fisiko berriak erabiliz. Zumaiena eta beste hainbat proiektu hezkuntza-sistemaren hobekuntzaren testuinguruan kokatu ditu Pedrosak, «ikaskuntza eraldatzea, Euskal Hezkuntza Sistema hobetzea, proiektu handinahia da, eta helburu handiak lortzeko proiektu txikiek ere garrantzia dute, proiektu txiki askok helburu handiak lortzeko aukera ematen baitute». Sailburuak gaineratu du espazioak diseinatzeko eta berritzeko partaidetza-prozesuak estrategia garrantzitsua direla hezkuntza-komunitate osoa ikastetxeko hezkuntza-proiektuan inplikatzeko.