Donostiako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta

0

PRUEBA

“Espazioa” instalazio artistikoak, «El sueño es vida» bakarrizketak eta «Hija de Inmigrantes» liburuaren aurkezpenak abenduaren 10eko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 76. urteurrena oroituko dute

Donostiako Udalak, Giza Eskubideen departamentuaren bitartez eta udal sail ezberdinen laguntzarekin, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna oroituko du, abenduaren 10ean egingo diren doako eta herritarrei irekitako hainbat jarduerarekin.

Goizeko 10:30ean, «Espazioa» instalazio artistikoaren inaugurazioa egingo da. Iñigo Aristegui artistaren 5 eskulturaz osatuta dago, eta Ekinn eraikinean (San Bartolome gaina, 16) bisitatu ahal izango da martxora arte. Ekimena Donostia Sustapenak antolatu du, Gabonetako kanpainaren barruan, Giza Eskubideen departamentuarekin lankidetzan. Artearen bidezko esperientzia murgiltzailea izango da, eta eskulturek, artearen bidez, Bizikidetza, Elkartasuna eta Bakea bezalako balioak islatuko dituzte.

Arratsaldean, 18:00etan, Antzoki Zaharrean Thimbo Samb aktorearen «El sueño es vida» bakarrizketa izango da, migrazioaren gaian oinarrituta. Samb senegaldarra, aktorea, youtuberra eta aktibista da, eta 45 minutuz bere bizipenak kontatuko ditu eta ikusleen aurrean arima biluztuko du. 17 urte zituela iritsi zen Espainiara eta bizitza zail bati aurre egin behar izan dio aktore izateko. Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak sustatutako emanaldia doakoa da, baina edukiera mugatua du. Beraz, gonbidapenak erreserbatu egin beharko dira www.donostiakultura.eus webgunean edo Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan.

Azkenik, 19:00etan, San Telmo Museoan, Safia El Aaddam idazle, dibulgatzaile eta aktibistak «Hija de Inmigrantes» liburua aurkeztuko du. Estatuan arrazakeriaren aurkako mugimenduan eragin handiena duen emakumeetako baten lehen eleberria da. Eleberri honekin, egileak osasun mentala jartzen du mahai gainean eta nola larritzen den etorkinen alaba eta jatorri afrikarreko arrazializatua izateagatik. Jarduera Kultura Aniztasunaren Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.