Amaia Barredok nabarmendu du “gaur egungo euskal gastronomiaren kalitate handiaren artifizeak eta erreferentzia diren milaka euskal emakumeren lana eta eredua”

0

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak nabarmendu du “euskal gastronomiaren kalitate eta erreferentzia handiaren artifizeak” diren milaka euskal emakumeren lana eta eredua. Barredok Mamia, Euskal gastronomia eraldatu duten emakumeak liburuaren aurkezpenean parte hartu du Donostian.

Mamia, emakumeak euskal gastronomiaren bilakaeran izan duen eraginari egindako omenaldia da. Liburuak 50 euskal emakumeren sukaldaritzarekiko grina jasotzen du, eta egutegi batek hautatzen ditu Mantalak argitaratutako laneko protagonistak. Ekimena Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Hazi Fundazioarekin batera, sustatu dute.

“Gaur hemen aurkezten dugun lan hau oso berezia da niretzat: gure historia maite duen euskalduna, lehen sektorearen ordezkari instituzionala eta emakumea naizen aldetik. Mamia gure gastronomiaren historiaren lekukotasuna da, bai eta protagonistei, gure gastronomiaren arima izan diren –eta diren– emakumeei egindako omenaldia ere”, adierazi du Amaia Barredok.

Amaia Barredo sailburuaren ustez, “Mamia hainbat diziplinatatik Euskal Herriko unibertso gastronomikoa moldatu duten hainbat eta hainbat emakumeren lana, ahalegina eta pasioa aitortzen dituen eta islatzen dituen ispilua da”.

“Urte hauetan, Michelin gida bezalako tratatuek edo erreferentzia gorenek, Euskadiko 25 bat jatetxeri jarri dizkiete izarrak. Zifra ona da. Ez da ohikoa izaten zerrenda horien buruan emakumeak izatea. Badaude, baina ez dira asko… Ezta Estatuko eta Europako panorama orokorrean ere. Baina orrialde hauetan egiaztatzen da badirela bokazio asko gidatu dituzten eta talentu ugari sortu dituzten beste izar batzuk ere… eta izar horiek emakumeak dira. Izar horiek Euskadiko etxe bakoitzean daude. Gure gastronomia Euskadiko eta Europa osoko aberastasun handietako bat da”, nabarmendu du Amaia Barredok.

Sektore estratejikuak

 “Gure gastronomiak –erantsi du Barredok–, gure lurraldeko bertako produktuei dagokienez berekin daraman guztiak bezala, identifikatu egiten gaitu, mundura proiektatzen gaitu eta ekonomiaren eta kulturaren eragile gisa jarduten du.  Nekazaritza, arrantza, abeltzaintza, ostalaritza, elikadura eta hori guztia bateratzen duen landaren eta itsasertzaren garapenaren kultura sektore estrategikoak dira, eta gure herria definitzen eta gure gizartea aberasten dute”.

Elikadurako sailburuaren ustez, “plater bakoitzaren, produktu bakoitzaren, atzean historia liluragarriak daude. Aberastasun horren atzean, bizitza sektore horri eskaini dioten hainbat eta hainbat emakume profesional daude. Mamiak emakume horiei eta haien profilei buruzko gure ezagutza zabaltzen du, gaur arte, neurri handi batean, ezezagunak izan baitira”.

Gure seme-alabek –eta gazte guztiek– ezagutu behar dituzten bizitzak eta jardunak dira, gure historia uler dezaten eta gure etorkizuna diseina dezaten.  Liburu honek, 50 ahotsen bidez, bidaia bat egiten du euskal gastronomia garaikidean zehar, eta elikaduraren balio-katearen kate-maila bakoitzaren erronkak eta estimuluak islatzen ditu”, azpimarratu du.

Amaia Barredok aipatu du Mamia bidea urratu zuten emakumeen ondare historikoa eta etorkizunaren katalizatzaileak diren, gastronomia inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzen ari diren, emakumeen historiak lotzen dituen zubia dela. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik, gure HAZI Fundazioarekin batera, oso harro gaude emakumeek sektore estrategiko guztietan duten eragina ikusarazten eta aitortzen duten ekimenak sustatzeaz.

Mamia: euskal gastronomia eraldatu duten emakumeak Mantala Basque Gastronomyk garatutako eta Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta HAZI Fundazioak sustatutako proiektu da.

Mamia (besteak beste, funtsa esan nahi du) liburuan dauden berrogeita hamar emakumeak argitalpen bakarrean jaso ezin den ekosistema askoz ere zabalagoaren irudia dira. Orrialde hauetan azken mendeko emakume gastronomo eraldatzaileenetako batzuk bakarrik erretratatzen dira, baina berrogeita hamar kontakizun horiek euskal gastronomiaren hainbat eta hainbat sektoretan lan egin duten, lan egiten duten eta lan egingo duten emakume guztiei aitorpena egiteko egituratu dira.

Gaur egungo emakumeak

Horien artean nabarmentzen dira Gabriela Uriarte (nutrizionista, GU Nutrición), Lara Martín (Mina jatetxeko sukaldeburua), Angelita Alfaro (sukaldari eta dibulgatzailea), Elena Arzak (Arzak jatetxeko sukaldeburua), Luisa Lopez (sukaldaria, salako burua, irakaslea eta diseinatzaile gastronomikoa), Mari Mar Churruca (Euskal Gastronomia Akademiaren lehendakaria), Lourdes Martínez eta Carmen Martínez (mahastizaintzako eta ardogintzako Martínez Zabala Taldearen jabeak eta kontseilariak), Ana Vega (freelance kazetari gastronomikoa eta dibulgatzailea), Elena Romeo (Gastronomia Zientzietan doktorea), Pilar Manterola (Iribar jatetxeko sukaldaria eta parrilleroa), edo Amaia Arguiñano (K5 Upategikoa).

Sukaldariak, ikertzaileak, mahastizainak, dibulgatzaileak, abeltzainak, eltzegileak, sagardogileak, enpresariak edo nekazariak: hainbat diziplinatan murgilduta lan egin dute, eta liburu honetan jasotako kontakizunek lurraldeko aberastasun gastronomikoa, Basque Culinary Centerren ikusten duten bezala, erretratatzen dute.

Gaur arratsaldeko aurkezpen ekitaldia Donostiako Basque Culinary Centerren egingo da, eta protagonista diren ia 50 emakumeak izango dira bertan. Amaia Barredo, Joxe Mari Aizega eta Imanol Zubelzu, Mantalako koordinatzailea, ere bertan izango dira, bai eta euskal ekosistema gastronomikoko 200 pertsona inguru ere.

Bestalde, Joxe Mari Aizegak adierazi duenez, “euskal sukaldaritzaren inguruko ezagutza orain arte inoiz ez da murgildu izan haren figura garrantzitsuenetako batzuen historia pertsonal eta profesionaletan, eta argitalpen honek ateak ireki dizkie kontakizun inspiratzaileei, ekintzailetzaren, talentuaren, sormenaren, berrikuntzaren, apustuaren eta etengabeko lanaren erreferente direnei, euskal gastronomiak azken hamarkadetan izan duen bilakaera zuzenean ezagutzeko aukera izan dezagun”.

Mantala Basque Gastronomy

Mantalaren helburua, Basque Culinay Centerrek eta Hazi Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako erakundeak, sustatuta, euskal gastronomia sustatzea eta garatzea da. Bertan, etengabe hausnartzen da “etorkizunera begirako zer proiektu sustatu eskualdearen garapen sektoriala bultzatzeko, gastronomiako eragileen arteko sinergiak sustatzeko eta mundu-mailan halako aitorpena duen abangoardiako produktu-sukaldaritzaren ezaugarriak balioesteko”.

Proiektuari forma ematen joateko asmoz, Mantala ekosistemak gogoeta hori partekatu du, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Hazi Fundazioak, Basque Culinary Centerrek, kofradiek eta Fecogak, Euskal Gastronomia Akademiak, Euro-Toques komunitateak, Bisubi Fundazioak, Jakitea elkarteak, Gozoa elkarteak edo Mahaia Kolektiboak izenak jarri dizkiete Euskadiko gastronomiak azken hamarkadetan izan dituen ekarpen esanguratsuenetako batzuen protagonistei.

Argitalpen honetan gastronomiaren oso esparru desberdinetako 50 emakumek hartu dute hitza, baina haiekin batera beste hainbat eta hainbat kontakizun daude. Izan ere, protagonista horiek haiekin dagoen ekosistema eta komunitate askoz ere zabalagoaren irudia dira. Liburua Elkarren (banatzaile ofiziala) eta BCC Storen dago eskuragarri gaztelaniaz eta euskaraz.