Eusko Jaurlaritzak laneko bide-segurtasunarekin hartuta duen konpromisoa aitortu dio Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra enpresari

0
  • Gainera, aipamen berezia egin dio Bridgestone enpresari
  • Innovabide Sareak bide-segurtasunaren aldeko konpromisoa hartuta duten 70 erakunde eta enpresa biltzen ditu, hainbat sektore eta tamainatakoak

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafikoko zuzendariak gaur eman die 2024ko Innovabide Aintzatespena Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra enpresari eta aipamen berezia Bridgestoneri, bide-segurtasunaren arloan hartutako konpromisoagatik eta gauzatutako jardunbide egokiengatik.

Euskadin gertatzen diren eta hildakoak edo zauritu larriak eragiten dituzten 3 trafiko-istriputatik bat lan-esparruan gertatzen da. Aurten, orain arte, 936 istripu gertatu dira ‘in itinere’ (lanera joatean edo lanetik itzultzean) edo ‘in mision’ (lanean gidatzean) Euskadiko errepide-sarean. Istripu horien ondorioz 3 pertsona hil dira eta beste 43 larri zauritu dira. Iaz, bestalde, era horretako 988 istripu gertatu ziren, eta 7 pertsona hil ziren eta beste 40 larri zauritu ziren. Errealitate horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak Innovabide Sarea sortu zuen 2017an, kudeaketa aurreratutik bide-segurtasunarekin konprometitutako 70 euskal enpresa biltzen dituena.

Laneko bide-istripuei aurrea hartzeko asmoz, 2017an Eusko Jaurlaritzak Innovabide Sarea sortu zuen. Sare hori kudeaketa aurreratuaren bidez bide-segurtasunarekin konprometitutako enpresek osatzen dute. Edozein sektore eta tamainatako organizazioak atxiki daitezke dohainik. Hori egitean, bide-segurtasunarekiko konpromisoa hartzen dute kudeaketatik, eta, horren ondorioz, neurtzeko moduko ekintza zehatzak egingo dituzte, sare sozialetan presentzia izango dute, laneko bide-segurtasunaren alde lan egiten duten enpresa gisa, eta beste erakunde batzuekin ezagutzak trukatzeaz baliatu ahal izango dira. Gaur egun sektore ezberdinetako 70 enpresa inguru daude Innovabide Sarean.

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak azpimarratu duenez, «laneko bide-segurtasunaren etorkizunak berrikuntza, lankidetza eta giza ikuspegien eta ikuspegi teknologikoen integrazioa behar ditu». Olabarrik Innovabide Sarearen garrantzia azpimarratu du, «estrategia zabalago baten parte delako, hau da, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Planaren parte. Plan honen helburua, 2030erako hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua % 50 murriztea da 2020arekin alderatuta. Helburu globala, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuetan jasoa dago eta Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunean berretsia. Hain zuzen ere, 2050erako Zero Biktima Ikuspegiarekin ezbehar-tasa murrizteko erronka handiarekin konprometituta dauden euskal erakunde guztiek, biktimen elkarteek eta beste erakunde batzuek ere sinatutako Ituna da.»

Gaur, sari-banaketa egin da Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan, Abandoibarran, Bilbon. Olabarrik V. Innovabide Aintzatespena eman dio Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrari, bide-segurtasunaren kudeaketan erakutsitako konpromisoagatik eta jardunbide egokiengatik, eta erakundea osatzen duten pertsonen eta gizartearen artean laneko bide-segurtasunaren kultura sustatzera bideratutako ekintzak ezartzeagatik.

Era berean, Trafikoko zuzendariak aipamen berezia eman dio Bridgestone enpresari, Innovabide Sarearekin duen inplikazio eta konpromisoagatik eta kide berriak erakartzeko egindako lanagatik.