Uribeko ESI-ak Euskalit kudeaketa aurreratuaren aintzatespena lortu du

0

Aintzatespen horrek sendotu egiten du osasun-erakundeak gizartearekin eta erabiltzaileekin eta pazienteekin duen konpromisoa, osasun-arretaren kudeaketa hobetzeari dagokionez, bai eta osasun-sustapeneko, -prebentzioko eta -arretako zerbitzuen garapenari dagokionez ere.

Osakidetzako Uribeko ESIak Kudeaketa Aurreratuari EUSKALITek emandako Brontzezko A aintzatespena lortu du. Kudeaketa Aurreratuaren saria  jaso zuen Agurtzane Paskual Uribeko ESIko Erizaintzako zuzendariak, Alberto Martinez Osasun sailburuaren eskutik, Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen sari-banaketa ekitaldian.  Aurten, 2024an, A Brontze, Zilar eta Urrezko 21 sari eta 50 diploma banatu dira, eta QIA nazioarteko sariaren Estatuko faseko euskal irabazleak ere saritu dira.

Uribeko ESIak lortutako Brontzezko A aintzatespena Kudeaketa Aurreratuaren ibilbidearen bigarren koska da. Osasun-erakundeak 2016an eta 2023an Kudeaketa Aurreratuko Diplomarekin hasi zuen ibilbide hori. Aintzatespen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak aintzatetsi egiten ditu EUSKALITen kanpo-ebaluazio baten bidez Kudeaketa Aurreratuaren Eredua (KAE) osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak.

Jesús Manuel Suarez Uribeko ESIko zuzendari-gerentearen hitzetan, “aintzatespen hau mugarri berri bat da, gizartearekin eta Uribeko ESIko erabiltzaile eta pazienteekin dugun konpromisoa gauzatzen duena. Pizgarri bat da pazienteei ematen zaien osasun-arretaren kudeaketa hobetzen jarraitzeko, bai eta haien osasuna sustatzeko, prebenitzeko eta artatzeko zerbitzuak garatzen jarraitzeko ere, integrazioaren ikuspuntutik”.

EUSKALIT Fundazioak (Osakidetza patronatuko kide da) Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Aurreratuaren Saria kudeatzen du. Sari horren helburua da erakunde aurreratuenak aitortzea eta Euskadiko kudeaketa-praktika onenak identifikatzea. Aintzatespen hori lortzeak adierazi nahi du Uribeko ESIak aldez aurretik frogatu duela bere kudeaketa-sistemaren garapen-maila zehatz bat lortu duela.

URIBEKO ESIaren KUDEAKETA

Uribeko ESIa 2016an sortu zen, Uribeko Eskualdeko Lehen Mailako Arretako zentroak eta eraiki berri zen Urdulizko Ospitalea integratu ondoren. Uribeko Eskualdea historikoki aintzatetsia izan da kudeaketan duen bikaintasunagatik. 2004an, urteko hainbat berrikuspen-zikloren ostean, Uribeko Eskualdeak Eusko Jaurlaritzaren Zilarrezko Q saria lortu zuen. Kudeaketa-ibilbide hori eta urteetan lortutako jakintza hori ESI berria diseinatzeko eta martxan jartzeko proiektuan txertatzen da. Gaur egun, osasun-arreta ematen die Bizkaiko Uribeko eskualdeko 24 udalerrietako herritarrei, bai Txorierriko Lezama, Zamudio, Derio, Loiu eta Sondikan, bai Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Urduliz, Gorliz eta Plentzian, baita Mungialdean ere, Bakio barne.