- Heriotza-tasak behera egin du Gipuzkoan (19 heriotza, 2023an baino 11 gutxiago), eta gora egin du Araban (8 heriotza, 2 gehiago) eta Bizkaian (10 heriotza, 2 gehiago)
- Hildakoen % 54 kolektibo kaltebera batekoak ziren; batez ere motor-gidariak (15) eta oinezkoak (5)
- 2017tik lehenengo aldiz, ez da txirrindularirik hil
Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordeak eta Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak aurkeztu dute Euskadiko errepideetako 2024ko istripuen tasaren behin-behineko balantzea. Orokorrean, heriotza-tasak azken urteetako beheranzko joerarekin jarraitu du, baina, 2023an bezala, hildakoen kopuruaren banaketa ezberdina da hiru lurraldeen artean. Gipuzkoa da, berriz ere, biktimen indize handiena duen lurraldea, nahiz eta aurreko urtearekin alderatuta jaitsi egin den; Araban eta Bizkaian biktimen indizeak gora egin du. Era berean, behera egin du hildakoen kopuruak kolektibo kalteberetan, nahiz eta gora egin duen motor-gidarien kasuan. Aurten ez da heriotzarik izan txirrindularien artean.
Guztira, 37 pertsona hil dira trafiko-istripuan Euskadin, 2023an eta 2022an baino 7 gutxiago eta 2019an baino 14 gutxiago (pandemia aurreko parekatzeko moduko azken urtea). Generoaren arabera, hildako pertsonen % 76 (28) gizonak izan ziren eta % 24 emakumeak (9). Kolektibo kalteberei dagokienez, gora egin du hildako motor-gidarien kopuruak (15; iaz 11 hil ziren eta 2022an 14), eta behera egin du oinezkoenak (5 heriotza izan dira, eta 2023an 8 izan ziren eta 2022an 15). Eta 2017tik lehenengo aldiz ez da txirrindularirik hil Euskadiko errepideetan.
Datuak perspektiban aztertuz gero, beheranzko joera mantentzen da: 2003an 207 pertsona hil ziren, 2010ean 67, 2019an 51 eta 2023an 37.
HERIOTZA-TASA LURRALDEEN ARABERA
Lurraldeei dagokienez, Gipuzkoan izan da heriotza-tasa handiena 2024an, 19 hildakorekin, 2023an baino 11 gutxiago eta 2022an baino 1 gehiago. Bestalde, hildakoen kopuruak zertxobait gora egin du Bizkaian, lurralde horretan 10 pertsona hil baitira, eta 2023an 8 hil ziren eta 2022an 18. Araban ere behera egin du hildakoen kopuruak, 8 pertsona hil baitira, eta 2023an 6 hil ziren eta 2022an 8.
KOLEKTIBO KALTEBEREAK
Euskadin hildako 37 pertsona horietatik % 54 kolektibo kaltebereen batekoak ziren: 15 motor-gidariak ziren, 5 oinezkoak eta, azken zazpi urteetan lehenengo aldiz, ez da txirrindularirik hil. Generoari dagokionez, motor-gidarien % 80 gizonak ziren (emakumeak % 20), bai eta oinezkoen % 60 ere (emakumeak % 40).
Aurreko urteekin alderatuz gero, 2024an kolektibo kaltebereetako hildakoen ehunekoa % 6 igo da 2023arekin alderatuta, baina 2022arekin alderatuta % 14 jaitsi da.
2024a nabarmendu da ez delako hildakorik izan txirrindularien kolektiboen, eta 2017tik ez da halakorik gertatu (2023an 2 hildako izan ziren kolektibo horretan eta 2022an 1). Bestalde, 2024an 15 motor-gidari hil dira, eta 2023an 11 hil ziren eta 2022an 14. Era berean, behera egin du oinezkoen heriotza-tasak ere, 5 oinezko hil baitira, eta 2023an 8 hil ziren eta 2022an 15.
Bai 2023an bai 2024an, eta pertsona zaurgarrien kolektiboari dagokionez, Gipuzkoan gertatu dira heriotza eragin duten istripu gehien (hildako guztien % 71 eta % 60, hurrenez hurren). Zehazki, motor-gidarien kolektiboan izan da heriotza-tasarik handiena (kolektibo zaurgarriaren guztizkoaren % 67 2023an eta % 75 2024an).
MUGIKORTASUNA
Mugikortasunari dagokionez, azken urteetako joerari jarraituz, 2024an gainditu egin dira 2023an erregistratutako trafiko-fluxuak, bai hiriburuetako sarbideetan bai ibilbide luzeko trafikoan eta Biriatuko mugako pasabidean.
Euskadiko hiriburuetara sartzeko trafikoa ia % 2 hazi da 2023tik. Igoera hori oso apala izan da ibilbide luzeko trafikoaren eta mugakoaren aldean, eta hori hainbat arrazoirengatik izan da: batetik denbora gutxian erregaien prezioek etengabe gora egin izana; eta, bestetik, erakundeek garraio publikoa erabiltzea sustatzeko txarteletan ezarri dituzten dirulaguntzak (Barik Bizkaian, Mugi Gipuzkoan eta Bat Araban); bai eta partekatutako ibilgailuaren erabilerak gora egin izana ere.
Era berean, mugikortasunak gora egin du ibilbide luzeko fluxuetan (2023an baino % 6 inguru gehiago) eta mugako trafikoan (% 6,7 gehiago). Hiriburuetara sartzeko sareko trafikoak pandemia aurreko hazkunde-erritmo beretsua jarraitu du, eta ibilbide luzeko trafikoan eta nazioartekoan, berriz, hazkunde-erritmoa handitzen joan da urtez urte. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Euskadiko errepideetatik zirkulatzen duten ibilgailu astunen kopurua gero eta handiagoa dela.
ISTRIPU-TASA
Istripu-tasak behera egin du 2023arekin alderatuta. Ertzaintzak erregistratutako behin-behineko datuen arabera, 2024an 7.383 trafiko-istripu gertatu dira Euskadin (2023an baino % 7,0 gutxiago. Horietatik 2.408 biktimadun istripuak izan dira: 391 Araban, 1.146 Bizkaian eta 871 Gipuzkoan.
Bestalde, 410 zauritu larri izan dira (2023an baino % 13,0 gutxiago).
Hildakoen tipologiari begiratuz gero, 25 gidariak izan dira (14 motozikleta-gidariak eta 11 autoen edo bestelako ibilgailuen gidariak, eta ez da txirrindularirik hil), 7 bidaiariak eta 5 oinezkoak.
NEURRI BERRIAK
2025ean, Eusko Jaurlaritzak jarduera berriak bultzatzen eta gaur egun martxan dituen sentsibilizazio-programak indartzen jarraituko du, Zero Biktima ikuspegian aurrera egiten jarraitzeko.
2025ean ezarriko den neurri garrantzitsuenetako bat da Gipuzkoan garabi arinen laguntza-zerbitzua jarriko dela martxan, istripua edo matxura izan duten ibilgailuak premiaz kentzeko. Aurreikusten da garabi-zerbitzu hori 2025eko ekainaren 1ean jartzea indarrean. Zerbitzu horri esker, istripua izan duten edo matxuratuta dauden ibilgailuak leku seguru batera eraman ahal izango dira, sor daitezkeen auto-ilarak murrizteko eta beste istripu bat gertatzeko arriskua gutxitzeko.
SENTSIBILIZAZIO-PROGRAMAK
Orain arte izandako eraginkortasuna eta harrera ona kontuan hartuta, 2025ean jarraipena emango zaie Trafiko Zuzendaritzak antolatutako formakuntza- eta sentsibilizazio-programei.
2018tik dago martxan ‘Jar zaitez nire gurpiletan’ programa, bereziki motor-gidariei zuzenduta dagoena. Programa horrek ibilgailu-mota ezberdinen gidarien arteko elkarbizitza sustatzen du, eta helburu nagusia istripuak prebenitzea du. Programak bi alderdi ditu: alde batetik, motozaleak eta beste era bateko ibilgailuak gidatzen dituzten pertsonak jartzen ditu harremanetan, errepidea leku seguruagoa izateko elkarrekin hitz egin dezaten. Eta, beste aldetik, segurtasunez gidatzeko ikastaroak barne hartzen ditu motor-gidarientzat. Doako ikastaroak dira, urtero egiten dira Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, eta horietan motor-gidarien kolektiboak gidatzeko trebeziak eta abileziak hobetu ditzake, modu horretan istripuak prebenitzeko. Orain dela 6 urte abian jarri zenetik, 550 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute segurtasunez gidatzeko motor-gidarientzako ikastaro horietan.
Bestalde, 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ‘Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu’ programa ere indarrean dago. Sentsibilizazio-programa horren helburua adinekoei bideko istripuak identifikatzen eta euren buruak babesten laguntzea da.
Eta, azkenik, ‘Don’t be dummy! Para ti no hay repuesto(s) / Zuk ez duzu ordezkorik’ sentsibilizazio-programa dago. Etorkizunean gidari izango diren 16 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei zuzendutako programa horrek aukera ematen die istripuen biktimen eta horiei laguntzen dieten profesionalen testigantzak zuzenean ezagutzeko.