Eusko Jaurlaritzak oinarri teknologikoko eta ekintzailetza berritzaileko 186 proiektu jarri ditu abian – SPRI

0

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak oinarri teknologikodun ekintzailetza berritzaileko 186 proiektu jarri ditu abian 2024an SPRIk hiru foru-aldundiekin batera kudeatzen dituen laguntzen bidez. Horren guztiaren inbertsioa 4,1 milioi eurokoa izan da.

Euskadiko erakundeen kasuan, izaera industrialeko enpresa-proiektuak eta horrekin lotutako zerbitzuak bultzatzeko erakunde espezializatu gisa BIC (Business Innovation Center) zentroak dituzte. BIC (BICAraba, BICGipuzkoa, BIC Bizkaia Ezkerraldea eta BICBizkaia BEAZ) zentroek enpresa berriak martxan jartzen eta merkatuan sendotzen laguntzen dute. Gainera, behar izan dezakezun finantzaketarako sarbidea errazten dizute.

Ekintzaile programa: (122 proiektu onartuta; guztizko dirulaguntza: 2.157.710 €). “Ekintzaile” laguntza-programaren helburua da enpresa-proiektu berritzaile eta/edo oinarri teknologikodun berriei laguntza finantzarioa ematea. Proiektu horiek nagusiki izaera industrialekoak eta/edo produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenak izango dira, eta pertsona fisikoek edo eratu berriak diren eta BIC baten tutoretza jasotzen duten (ideiari heltzeko eta enpresa martxan jartzeko faseen kasuan) enpresek zuzendutakoak izango dira.

Horrela, programak enpresa berrien bideragarritasuna aztertzeko, abian jartzeko eta heltzeko prozesu osoan zehar laguntzeko laguntzak aurrez ikusten ditu, jarduerak kokatzeko aholkularitza eta azpiegiturak eskainiz. Aldi berean, gainera, enpresa-plana aurrera eramateko beharrezkoak diren inbertsioen finantzaketarako sarbidea errazten saiatzen da.

Barnekintzaile programa: (36 proiektu onartuta; guztizko dirulaguntza: 800.000 €). Horren helburua da lehendik dauden eta dibertsifikazio-prozesuetan barneratuta dauden proiektu berritzaileak edo teknologikoak babestea. Proiektu horiek jarduera ekonomiko berri bat, negozio-lerro berriak edo enpresa berriak sortzen lagunduko luketenak izango dira.

Gaur egungoaren moduko krisi- eta ziurgabetasun-egoeratan, proiektu ekintzaileek eta enpresek aholkularitza eta laguntza espezifikoak behar izaten dituzte. Hala, BIC zentroek enpresa ekintzaileei eskaintzen dizkieten zerbitzuak aktibatu eta sendotu ditugu, bereizitako 3 laguntza-lerro martxan jarrita. Hain zuzen ere, laguntza-lerro horiek barne-ekintzailetzako  proiektuak definitzea, martxan jartzea eta finantzatzea dute helburu.

Ekintzaile + programa: (10 proiektu onartuta; guztizko dirulaguntza: 1.000.000 €). Ekintzaile + Ekintzaile programaren jarraipena dela esan dezakegu. Laguntza-lerro horrek garatzeko aurreikuspen handienak dituzten eta inpaktu edo disrupzio teknologiko handiko proiektuak babesten ditu. Horretarako, enpresaren eragiketekin lotutako gastuak finantzatzen ditu eta, horrekin lotuta, talentua txertatzeko egin beharreko gastuak azpimarratu behar dira.

Ekintzaile + laguntza-programaren bidez finantzatzen dira enpresa-plana aurrera eramateko funtsezko gastuak: talentudun pertsonak kontratatzea, kanpoko aholkularitza teknikoa, alokairuak, jabetza industriala eta proiektuaren sustapena.

Erronka 2030 programa: (18 proiektu onartuta; guztizko dirulaguntza: 150.000 €). Erronka 2030 programaren helburua Euskadiko ekintzailetzaren ekosistema osatzen duten hainbat eragile eta erakunderen arteko harremanak eta loturak sustatzea da.