Norgehiagoka zirraragarria izan da, bereziki Dani Jarque Kirol Hirian jokatutako bigarren zatiari erreparatzen bazaio. 2025 urteko egutegia irekitzeko neurketan, Athleticek agindu du, batez ere lehen zatian, eta talde lanaren eta Clara Pinedoren golaren ondorioz hiru puntuak Bilbora joan dira.
Athleticek lehen zatian partida erabakta utz zezakeen, hainbat aukera izan baititu, tartean hiru zutoin. 14. minutuan, norgehiagoka guztian zehar bikain aritu den Elexpuruk, erdiraketa bikaina bidali dio Pinedori golera bultza zezan, baina Laia Ballesté lehenago iritsi da eta, baloia aldendu nahian, goizeko lehen gola bere atean sartu du. Lehoiak markagailuan zein jokoan nagusi izan dira, eta ez dute aparteko arriskurik jaso. Are gehiago, zuri-gorriek gola egiteko abagune gehiago izan dituzte. Azkona izan da hogeita bosgarren minutuan egurrarekin topo egin duena, ondoren Pinedo eta azkenik Ortega, oraingoan langak baloia alderatu duela. Iara eta Caracas izan dira lehen 45 minutuetan etxeko taldearen aukera bakartiak sortzen arduradunak.
Lice Chamorro atsedenaldiaren ostean sartu da RCD Espanyoli hegalak emateko. Paraguaitarrak bi abagune argi izan ditu, bata Nanclaresek gelditu duena eta bestea langak aldendutakoa. Kataluniarrak berdinketa iritsi zitekeela sinesten hasi dira eta 67. minutuan horixe gertatu da, Arola sukalderaino sartu eta atezain zuri-gorria gainditu duenean. Lehen zatian alferrik galdutako aukerak zuri-gorrien burua astintzen ari zen unean, 75. minutuan, Clara Pinedoren magiak markagailuan agintzen jarri du berriro Athletic. Bilbokoak sekulako gola egin du, area ertzean bizkarrez kontrolatu du, arerioak atzean utzi ditu eta area kanpotik egindako jaurtiketak eskuadrako armiarma sare guztiak kendu ditu 1-2koa ezartzeko. Pinedok merezitako MVP bat ziurtatu du horrela. Kataluniarrek ez dute etsi eta berriz ere langak binako berdinketa eragotzi du.
Luzapenean, Nanclares superheroiz mozorratu da, eta Espanyoleko jaurtiketa bat sahiestu du atepean. Aurkarko zelaian, Salvadorrek esku ikusgarri batekin neurketa guztiz erabakitzeko gola gelditu dio Elexpururi. Gauzak horrela, Athleticek garaipena lortu du eta gustora aritu da Bartzelonan, Liga F-ko jarraian erdietsitako laugarren garaipena lortu eta Txapeldunen Ligarako txartela ematen duen hirugarren postuan lo egingo duelarik. Datorren larunbatean FC Barcelona jasoko du San Mamesen, zaleekin batera, denboraldi honetan taldearen boladarik onenean.