UGP-aren 58. edizioa arrakastatsua izan da, adin guztietako 215.000 bisitari baino gehiagorekin

0

Atrakzioak, kirola eta jarduerak uztartuta, balioak dituen dibertsioa Gabon garaiko ezinbesteko proposamena da oraindik ere

Umeen Gabonetako Parkeak igandean itxi zituen 58. edizioko ateak, abenduaren 14tik urtarrilaren 5era bitartean arrakasta handiz 215.601 haur, gazte eta heldu hartu ondoren. Zabalik egondako 21 egunetan zehar (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean parkea itxita egon zen), Bilbao Exhibition Centreko 1., 3. eta 5. pabiloiek ongietorria eman diete familia eta kuadrillei, batez ere Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Kantabria, Burgos, Nafarroa, Errioxa eta Zaragozatik etorritakoei, aurreko edizioen ildoari eutsiz.

Aisialdia eta ikaskuntza elkarrekin joan daitezkeela eta joan behar dutela sinetsita, UGPk dibertitzeko eskaintza zabala izan du, jasangarritasuna, familia, bizitza osasuntsua, elkartasuna, berdintasuna, gizalegea eta euskararen erabileran oinarrituta. Apustu hori eskertu egiten du gizarteak, eta oso modu positiboan erantzuten dio, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosak inauguratu zuen aurtengo edizioko datuek erakusten duten bezala.

Kontzeptu horiek txikitatik indartzeko helburua UGParen antolaketan parte hartu duten erakunde eta enpresa guztiek partekatu dute, BECekin batera: Bilboko Portuko Agintaritza; BBK Banku Fundazioa; Bizkaiko Foru Aldundiko (Suhiltzaileak eta salbamendua eta Garraioak); Emakunde; Energiaren Euskal Erakundea; Bilbao Basket Fundazioa; Garbiker; Eusko Jaurlaritza (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila; Hezkuntza Saila; eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila); Innobasque; Interbiak eta Telepizza.

Erakunde horiekin batera, Bilbao Exhibition Centre berriro ere lankidetzan aritu da Bizkaiko Gurutze Gorriarekin jostailu berriak, ez-belikoak eta ez-sexistak biltzeko kanpainan. Elkartasunezko apustu horri esker, UGPan jasotako jostailuek Gabonetako magia eraman zuten egoera ahulean dauden etxe askotara.

Kirola eta publiko guztientzako jarduerak

Bizimodu osasungarria izateko ezinbesteko osagaia denez, kirolak berriz ere presentzia handia izan du UGPan. Igandean, azken egunean, Gabonetako VII. Lasterketa egin zen, BECek Bizkaiko Atletismo Federazioarekin elkarlanean antolatuta. Guztira, 450 txiki, gazte eta helduk hartu zuten parte.

Gainera, UGPan mini-atletismo, eskubaloi eta saskibaloi txapelketa bana ere izan dira eta, horrez gain, mahai-tenisera, pickleball-era eta beisbolera jokatzeko aukera ere egon da. Guztira, 557 taldek hartu dute parte kirol ekitaldietan.

Gainerako jardueren artean, STEAM Gunea nabarmendu da: aurtengo berrikuntzetako bat izan da eta diziplina horiekiko interesa sustatzeko diseinatu da (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika). Ingurua dinamizatzeaz arduratu den emakume zientzialari gazteen taldeak 5.500 txiki eta gazte baino gehiago erakarri ditu (% 51 neskak eta % 49 mutilak); adin guztietakoak, baina bereziki 6 eta 10 urte bitartekoak. Hiru erabiltzailetik bat familiarekin hurbildu da, eta horrek eragin positiboa izango du euren kapital zientifikoan. Gainera, UGParen balioetako bat modu naturalean indartu da horrela. Halaber, aniztasun funtzionala duten gazteek parte hartzeko izandako askotariko aukera eskertu dituzte haien gurasoek eta begiraleek.

Pentsamendu kritikoa, sormena, arazoak konpontzea eta talde-lana bezalako gaitasunak bultzatu dira yinkanen, erakustaldien eta tailerren bidez. Azken horiek bereziki arrakastatsuak izan dira, besteak beste, mikroskopioekin, piramide holografikoekin, termopolimeroekin, elektrizitatearekin, DNA erauzketekin eta huts-ponpekin egindako esperimentuei esker.

Une gogoangarriak eman dizkiete bisitariei aurtengo 33 atrakzioek ere: piraten barkua eta kangurua bezalako klasikoak, pendulu eta tropikana bezalako esperientzia ikaragarriak, izotz-pista, kart elektrikoak, zezen mekanikoak eta ohe elastikoak bezalako atrazkioak…

Gainera, dibertsitate funtzionala duten pertsonei aisialdi irisgarria eskaintzeko helburuarekin, UGPak neurri bereziak hartu ditu beste behin. Adibidez, parkearen lehen hiru egunetan, pabiloien argiztapena eta soinua egokitu egin ziren ingurune lasaiagoa sortzeko. Eta neurri osagarri gisa, Desgaitasuna Egiaztatzeko Txartela aurkeztean, pertsona horiek bi sarrera prezio murriztuan eta sarrera eta irteera libreko eskumuturreko bat eskuratu ahal izan dituzte.

Azokaren azken egunera arte aktibatuta egon den online sarrera-salmentak, sarbide-kontroleko irakurle modernoek eta ilararen kudeaketa hobetuak ere eragin positiboa izan dute UGParen edizio honen arrakastan.