Hezkuntzak eta Euskaltzaindiak lankidetza berritu dute

0

Bi erakundeen arteko lankidetza euskara eta euskal kultura sortu, bultzatu, garatu eta zabaltzeko proposatzen diren programen inguruan gauzatuko da.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bilera egin dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko konpromisoak berretsi eta jarraitzeko.

Bi erakundeen arteko lankidetza euskara eta euskal kultura sortu, bultzatu, garatu eta zabaltzeko proposatzen diren programen inguruan gauzatzen da. Zehazki, akordioaren helburua Euskaltzaindiaren eta Hezkuntza Sailaren arteko koordinazioa eta lankidetza indartzea da, Hezkuntza Sailak abian duen EIMA programaren bidez euskarazko ikasmaterialak sortzeko. Programa hau 1982an hasi zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak, eta ordutik indarrean jarraitzen du, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-mailetarako euskarazko material didaktikoak sortzea sustatzeko, baita horien kalitatea zaintzeko eta administraziotik zabaltzen laguntzeko ere.

Bestalde, akordio honek beste eduki batzuk ere jasotzen ditu: Euskaltzaindiak euskararen alorrean ezarritako arauak eta proposatutako gomendioak zabaltzeko konpromisoa, EIMAk eguneroko jardunean sortutako materialetan eta antolatzen dituen ekintzetan; Euskaltzaindiaren irizpideak kontuan hartzeko konpromisoa; EIMAk Euskaltzaindiari egiten dizkion kontsultak eta iradokizunak bideratzea; alderdi sinatzaileek egindako argitalpenak partekatzea; edo euskararen ezagutza, erabilera eta sustapenari buruzko ikerketa, dibulgazio eta sentsibilizazioko programak partekatzeko konpromisoa.

Hain zuzen ere, euskara eta beste hizkuntza batzuen ezagutza sustatzeko sortu da Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua. Euskara ardatz duen hezkuntza-sistema eleanitza sustatzea du helburu. Laster, hizkuntza-proiektuen araudia, Lanbide Heziketako hizkuntza-estrategia edo euskararen aisia bezalako gaiak garatuko ditu.