Zazpi danborrada berri aterako dira eta Konstituzio plazako bandera igoeran Danbor Nagusi berria egongo da
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Kultura zinegotzi Jon Insaustik 2025eko helduen danborrada aurkeztu dute gaur goizean. Aurtengo danborradari zazpi danborrada berri gehituko zaizkio, eta beraz, guztira 167 danborradek eta 22.736 pertsonak parte hartuko dute inoiz izan den San Sebastian egun jendetsuenean.
Aurten soilik gizonezkoak diren bi danborrada baino ez dira aterako (Tamborrada Club Cantábrico eta Aizepe Danborrada), eta emakumez bakarrik osatutako bakarra (Emakumeen Etxea Elkartea). Izan ere, Amigos del Europa, Amigos del Antonio Bar eta Gizartea danborradak mistoak izatera pasa dira. Hortaz, danborraden %98,2 mistoak dira. Guztira, 12.096 gizon (%53,21) eta 10.640 emakume (%46,79) aterako dira helduen danborradetan.
Zazpi danborrada berri eta Konstituzio plazan danbor nagusi berria
Hainbat nobedade izango ditu aurtengo helduen danborradak. Hasteko, zazpi danborrada berri egongo dira hirian. Horietatik, hiru Antiguan (Fortuna K.E, Coro Easo Abesbatza eta Antigua-Luberri Danborrada), bi Parte Zaharrean (Itzalpe Danborrada eta Ur Kirolak), bat Amara-Riberas inguruan (AMPA Mary Ward Donostia), eta beste bat Altzan (Harri Berri – Oleta Danborrada).
Konstituzio plazan ere nobedadea egongo da. Aurten ez da Jose Ramon Mendizabal arituko Gaztelubideko Danbor Nagusi, osasun arrazoiak direla-eta. Gonzalo Aldanondok ordezkatuko du Mendizabal. Esperientzia handiko gizona da Aldanondo, eta Danborradarekin lotura oso handia duen familia du, izan ere, Gaztelubide Danborradako Urketari Nagusi Marta Aldanondoren anaia da.
Auzoak protagonistak
Urtarrilaren 19tik 20rako gauan begi guztiak bandera igoera ofizialari egongo dira begira, baina Donostiako auzo guztietan egongo dira bandera igoera ezberdinak, baita urtarrilaren 20tik 21erako gauan jaitsieran ere.
167 danborradak hiriko auzo guztietatik banatuta daude, ordutegi eta ibilbide ezberdinekin. Horri esker 24 orduetan ez da egongo atsedena hartzeko unerik. Erdialdea da danborrada gehien dituen auzoa (32), jarraian Antigua dago (30), Parte Zaharrean 26 danborrada aritzen dira, Gros auzoan 25, Amara-Loiolako Erriberak-Morlans azuoetan 24, Altza-Bidebieta-Intxaurrondon 20, eta Loiola-Egia-Martutene auzoetan 10.
Hainbat danborradari aitortza
Helduen danborradaren aurkezpenak ere baliatu du Donostiako Udalak urteurren borobilak ospatuko dituzten zazpi danborradei aipamen berezia egiteko. Aurtengoan sei danborradek 25 urte beteko dituzte eta batek 75 urte. Bentaberriko Lagunak, Club Ciclista Donostiarra, Gaztedi, Parroquia Maria Reina-Egiako Tolosarrak, Tamborrada Club Cantábrico eta Zubi Musu danborradek 25 urte beteko dituzte aurten, eta berriz, Kondarrak Danborradak 75 urte.
Aurtengo ediziotik hasita, Udalak gorbata berezia oparituko dio urteurren “borobila” egiten duen danborrada orori, euren estandartean eramateko. Gorbatan segidakoa ikusi eta irakurri hal izango da: “Donostiako danborrada”, hiriaren armarria, Danborradaren izena, sorreraren data eta ospatuko den edizioaren data.
Konstituzio Plazako bandera Club Vasco de Camping Elkarteari
2025eko urtarrilaren 20ko 0:00etan Gaztelubideren eskutik Konstituzio plazan igoko den bandera, eta Union Artesana Elkartearen eskutik jaisten den arte mastan egongo dena Club Vasco de Camping Elkarteari emango zaio.
Club Vasco de Camping Elkarteak 75. urteurrena egingo du aurten, eta ospakizun horrekin bat egiteko Donostiako alkateak San Sebastian eguna pasa eta hurrengo egunetan elkartearen egoitzan emango die bandera. Ohi denez, bandera bordatua egongo da segidako testuarekin: “Hau da 2025eko urtarrilaren 20an Konstituzio plazan igotako eta jaitsitako bandera”.