Euskadik osasun datuen bulego propioa sortuko du, informazioa baliatuz plangintza eta ikerketa hobetzeko, pazienteen mesedetan

0

Alberto Martínez Osasuneko sailburuak «Berrikuntza eta Osasuna» jardunaldian parte hartu du gaur Madrilen. Bertan, egungo premiari erantzun eta aldi berean etorkizuneko sistema prestatzeko apustua berretsi du

Euskadi lanean ari da etorkizuneko Osasun Datuen Euskal Bulegoa sortzeko. Tresna hori baliagarria izango da informazioa baliatuz plangintza eta ikerketa hobetzeko, eta, ondorioz, osasun-arreta bera hobetzeko.

Hala eman du jakitera gaur goizean Osasuneko sailburu Alberto Martinezek Tecnalia Zentro Teknologikoak —BRTA-Basque Research Technology Alliance-ko kidea— antolatutako «Berrikuntza eta Osasuna» jardunaldian, Telefonicak Madrilen duen egoitzan.

Osasun-berrikuntzaren arloko 200 adituren aurrean egindako mahai-inguruan, Martinezek berrikuntza-politikaren defentsa argia egin du, kudeaketa optimizatzeko tresna gisa. 2025-2028 Osasun arloko I+G+b Plan berriak lehentasunezko lan-eremutzat hartuko du Euskadiko osasun datuen kudeaketa.

“Europako Osasun Datuen Esparruaren estrategiak erreakzionatzera behartzen ditu herrialdeak, eta guk ondoen prestatuta egonez iritsi nahi dugu, osasun-datuak modu irekian erabiltzea errealitate bat den unera” baieztatu du sailburuak. “Horretarako – gaineratu du-  Estrategia propioa izango dugu, Europarekin lerrokatua, Euskadiren potentzial teknologiko industriala aprobetxatuz, datuaren kudeaketak sortuko dituen soluzio berritzaileek Euskadiko osasun-sistema publikoaren eta herritarren hobekuntza ekar dezaten”.

Ildo horretan, Euskadik balioan oinarritutako osasun-eredu berri baten oinarriak ezartzeren beharra azpimarratu du Martínezek. Osakidetzak Lehen Mailako Arreta eta ospitale-arreta modu integratuan kudeatzen dituen Europako sistema publiko bakar gisa duen ezagutza metatua aprobetxatuz.

Egungo premiari erantzutea eta etorkizunerako sistema optimizatu bat prestatzea

Osasun sailburuak azpimarratu duenez, profesionalen ahaleginarekin eta inplikazioarekin batera, Osakidetzan berrikuntza eta teknologia izan dira tresnak, eta oraindik ere hala dira, osasun-zerbitzuak eskatzen dituen premiarik handienei erantzuteko, hau da, Lehen Mailako Arretarako irisgarritasuna hobetzea eta ebakuntza kirurgikoetarako itxaron-zerrendetan denbora murriztea —batez beste 52 egun ingurukoa da—, pandemiaren aurreko itxaronaldietara hurbilduz.

Horrela, Osasun Saila premiarik larrienak konpontzeko prozesuetan murgilduta dago, etorkizuneko osasun-sistemaren diseinua eta proiekzioa alde batera utzi gabe. Martinezen hitzetan, «egungo premian lanean ari gara, jakitun baikara mundu mailako osasun-sistema aurreratu guztiek emango duten jauzi kualitatiboa prestatzeko unea iristen ari dela. Une horretan, datuaren kudeaketa oso baliabide beharrezkoa eta preziatua bihurtuko da».

Berrikuntza-proiektuak lehen mailako arretan eta arreta espezializatuan

Bere hitzaldian, Alberto Martinez sailburuak aipatu du indarrean dagoen Eraldaketa Digitaleko Planaren bitartez Osakidetzak egindako apustu teknologiko eta digitala.

Zehazki, osasun-arreta publikoaren eraldaketa digitalerako 100 milioi euroko inbertsioa nabarmendu du, lau ikuspegitatik:

  • Osakidetzaren eta herritarren arteko harreman berri batekin herritarrentzako arreta hobetzea, Debagoiena ESIn proiektu pilotu gisa jarritako «Erantzunak» kanal berriaren bidez.
  • Pazienteak ahalduntzea, autokudeaketa sustatuz hitzorduen kudeaketa optimizatzeko, itxaronaldiak murriztea
  • Asistentzia hobetzea, adibidez, adimen artifizialean oinarritutako bideo-kontsulten prestazioa mugikortasun urriko pazienteentzat; sistema kontrastatu bat Basurtuko Ospitalean, AEA duten gaixoekin. Edo gaitz osteomuskularrak dituzten pazienteen telerrehabilitazio- eta jarraipen-sistema.
  • Profesionalen lan burokratikoa errazteko zerbitzura jarritako teknologiak. Zeregin burokratiko korapilatsuenak arintzea da helburua, profesionalen eskasia dagoen testuinguru batean. Dozena bat ekimen lantzen ari dira profesionalei balio handiagoko lanak errazteko eta larrialdi handieneko kasuak lehenetsi ahal izateko, erretinopatia, bularreko screenning edo dermatologia kasuetarako algoritmoetan oinarritutako asistentzia-kudeaketaren bidez.

Azken batean, osasun-sistemak bere kudeaketaren emaitzak pazienteekiko inpaktuan kuantifikatu eta neurtu ahal izatea da helburua. Eta, hain zuzen ere, esparru horretan aurreikusten da etorkizuneko Osasuneko Datuen Gune bat sortzea, eta horrek aurretiazko urrats batzuk eskatuko ditu, hala nola Osasunaren Datuaren Euskal Bulego hau sortzea.

* Argazkia:

– Alberto Martínez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

– Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia

– Nerea Briz, TECNALIAko Osasun zuzendaria