Euskadiko Biodibertsitatearen Gizarte Foroak naturaren kontserbazioan inplikatutako berrogeita hamar bat eragile inguru bildu ditu

0

Donostiak 2024-25 Euskadiko Biodibertsitatearen Gizarte Foroaren topaketa hartu du, natura kontserbatzen inplikatutako eragileen arteko topaketarako eta elkarrizketarako urtero parte hartzeko gunea, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bultzatuta, berrogeita hamar eragile inguru izan dira, besteak beste: administrazio publikoak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, enpresak, gizarte-erakundeak eta herritarrak.

Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak ireki du foroa. Bere hitzaldian adierazi duenez, «gaur foro honetan biltzen garenok helburu komun bat dugu: flora eta fauna basatiko habitaten eta espezieen kontserbazio-egoera hobetzea; guztiok, dagokigun jarduera-esparrutik, zeregin erabakigarria dugu klimaren, biodibertsitatearen eta kutsaduraren krisi global hirukoitzari elkarrekin heltzeko eginkizun honetan».

«2010 eta 2021 artean, Euskadik 203 milioi euro inbertitu ditu Natura 2000 Sarea hobetzeko, arriskuan dauden bai habitatei dagokienez, bai espezieei dagokienez», nabarmendu du sailburuordeak. Natura 2000 Sarea Europar Batasunaren tresna nagusia da naturaguneak eta biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko. Gaur egun, Euskadiko lurraldearen % 23 gune babestua da.

Jardunaldian hainbat gai landu dira, hala nola Natura 2000 Sareko lekuetarako ezarritako kontserbazio-neurriak garatzeko ekintzak biltzea, eta 2019-2024 aldian espezieen eta habitaten kontserbazio-egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko lanetako batzuk aurkeztu dira. Gainera, Euskadiko Naturaren Informazio Sisteman informazioa kontsultatzeko modua ezagutarazi da eta biodibertsitateari buruzko datuen kalitateari buruzko erakusketa bat ere egin da. Foroaren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzarekin, foru-aldundiekin, URA – Uraren Euskal Agentziarekin, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Biodibertsitateari buruzko Munduko Informazio Azpiegiturarekin (GBIF) lotutako hainbat adituk parte hartu dute, besteak beste.

Euskadiko Biodibertsitatearen Gizarte Foroa Euskadiko natura ezagutzeko sareko kideen urteko topaketa bat da, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen bidez sortua. Sare hori osatzen dute datuak eta informazioa biltzen eta erabiltzen eta natura kontserbatzeko eta onura publikorako erabil daitekeen ezagutza sortzen laguntzen duten erakundeek eta pertsonek, dokumentu estrategikoetan eta aplikatu beharreko araudian jasotako nahitaezko txostenak prestatzeko.

Foro hau Euskal Autonomia Erkidegoko 2030erako Biodibertsitate Estrategiaren barruan txertatzen da, hori baita natura-ondarearen arloko lehentasunak eta konpromisoak ezartzen dituen tresna, horizontea 2030ean jarrita.  Estrategia horren 3. helmugak (Naturaren ezagutza eta kultura sustatzea) jasotzen duenez, parte hartzeko guneak izatea funtsezkoa da komunikazioa, elkarrizketa eta ezagutza sortzea errazteko, horrela bidea ematen baita askotariko sektoreetatik (ikerketatik, enpresa pribatu eta publikoetatik, gizartetik, hezkuntza-erakundeetatik, etab.) datozen eragileak elkartzeko. Orobat, helmuga horrek jarduera-ildo gisa ezartzen du gizartea sentsibilizatzea eta inplikatzea natura-ingurunea kontserbatzeak eta informazioa sortu eta ezagutza partekatzeak duen garrantziaren inguruan.