Ongizan, Donostiako nerabeen ongizate emozionala sustatzeko programa berria

0
binary comment

Ongizan programa otsailean zehar hasiko da lau ikastetxetan eta datorren ikasturtean ikastetxe gehiagotara zabalduko da

Donostiako Udalak, Gizarte Ekintza departamentuaren bitartez, Ongizan programa jarriko du abian, hiriko nerabeen ongizate emozionala eskola-ingurunetik lantzeko proiektua.

Nerabeei laguntza eskaintzen dien Gaztedi zerbitzuaren laguntzarekin, Udalak programa horren lehen esperientzia pilotu bat garatuko du datozen hilabeteetan 4 ikastetxetan. Horietan, 13 eta 16 urte bitarteko bigarren hezkuntzako ikasleekin, haien familiekin eta irakasleekin lan egingo da, hezitzaileek lagunduta.

Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, «programa honek gizartearen ongizaterako funtsezko alderdi bat landu nahi du modu goiztiarrean, garapen pertsonalaren fase kritiko batean, eta horrek herritarren bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du«.

Idoetak azaldu duenez, «departamentuaren esperientziatik egiaztatu da nerabeak horrelako programetan inplikatzeko modurik eraginkorrena eguneroko harremanetan dauden komunitate-inguruneetatik lan egitea da, eta, horregatik, programa ikastetxeetan garatzea erabaki da, horretarako leku egokiena baita«.

Hala, programa ezartzeko lehen fasea 2025eko otsailetik ekainera egingo da hiriko lau zentrotan (Antigua-Luberri BHI, St Patrick ‘s English school, OLH Adsis Donostia eta Cebanc), hurrengo ikasturteetan ikastetxe gehiagotara zabaltzeko asmoarekin.

Ongizan

Ongizan programaren helburu nagusiak dira nerabeei erresilientzia-tresnak eta baliabide eraginkorrak ematea, garapen pertsonala eta ingurunera modu osasungarrian egokitzeko, eta irakasle, guraso edo tutoreei nerabeen egokitzapen osasungarria sustatzen laguntzea ere bai.

Ekimen honek 13 eta 16 urte bitarteko gazteen ongizate emozionalaren prebentzioan eta sustapenean oinarritzen ditu bere jardunak, eta saioen dinamikak, emozioak identifikatu eta arautzeari buruzkoak dira hain zuzen ere, bai eta arrisku-jokabideak eta alternatiba posibleak identifikatzeari buruzkoak ere. Saioak berdinen arteko elkarrekintzan oinarritzen dira, eta komunitatean gara daitezke.

Programaren ardatz nagusia ikasleekin egingo den lana da, osasun mentaleko profesionalek (psikologoek) dinamizatutako saioen bidez. Saio horiek ordubete edo ordu eta erdi iraungo dute.

Saioetan landuko diren edukiak emozioekin eta osasun mentalarekin zerikusia duten eguneroko egoeretan oinarrituko dira, batez ere berdinen arteko harremanetan, familiarekin dituzten harremanetan eta helduekikoetan. arrisku-jokabideetan, estresean eta ideia suizidetan ere oinarrituko dira.

Gai horietan guztietan ikuspegi interaktiboa bilatuko da, elkarrekin hausnartu eta eztabaidatzeko. Gainera, tailer bat egingo da ohiko gelatik kanpo, ikastetxe bereko espazio irekiak bilatuz, saioan mugimendua errazteko. Beste saio batzuk ere egingo dira, programan parte hartzen duten beste ikastetxe batzuetako neska-mutilekin elkarren artean harremana izan dezaten.

Ikuspegi integrala

Nerabei zuzenduta dagoen proiektua denez, ezinbestekoa da ikuspegi integrala izango duen lana egitea, familiek eta irakasleek inplikazioa izan dezaten eta horiek gazteei prozesu horretan laguntzeko beharrezko tresnak lor ditzaten.

Horregatik, parte hartzen duten adingabeen guraso eta tutoreei bi orduko pare bat saio eskainiko zaie teknikariekin. Saio horietan, nerabeen garapenaren faktoreak aztertuko dira, gatazken konponbideari buruzko gogoeta egingo da eta ongizate emozionalarekin lotutako portaerei buruzko ausnarketa ere egingo da, eta egon daitezkeen zalantzak argituko dira.

Eta ikastetxeko irakasleekin ere bi saio egingo dira, naiz eta haien ikasleek programan parte hartu ez izan. Guraso taldearekin egingo den lanaren antzakoa izango den arren, ikasleen egoera emozionala identifikazeko laguntza ere emango zaie.

Ikasturte hau amaitutakoan, balorazio bat egingo da fase pilotu honetan identifikatutako alderdiak doitzeko eta hobetzeko, eta esperientzia beste ikastetxe batzuetara zabalduko da.