EKOHOOD, garraioen ontziratzeko soluzio jasangarria

0

Film gama berri bat lortzea kontsumo osteko material birziklatuarekin, hirugarren mailako enbalajerako edo garraio-ontzirako. Helburu hori du Plastigaur enpresa gipuzkoarra buru duen EKOHOOD proiektuak. “Film horien formulazioan, kontsumo osteko material birziklatuaren % 50eraino erabili nahi dugu, gaur egungo soluzioen alderdi erabilgarriak eta ingurumenekoak hobetuz”, nabarmendu du Asier Floresek, Plastigaureko Kalitate, I+G eta Jasangarritasuneko zuzendariak.  

Hala, hirugarren mailako packaging-erako filmetarako garatutako materialek hainbat abantaila eskaintzen dituzte, besteak beste, “hirugarren mailako enbalajerako soluzio jasangarria izatea, ekonomia zirkularrari eta jasangarritasunaren Europako arauekin bat eginez”, ziurtatu du euskal konpainiaren ordezkariak. Gainera, “ingurumen-inpaktua eta karbono-aztarna murriztea, hondakinen kudeaketa hobetzea ekonomia zirkularra sustatzeko, eta material berriei alternatiba lehiakorra eskaintzea ahalbidetzen da”.  

Produktu berrietan erabiliko diren materialak kontsumo osteko polietileno birziklatuzko filmak (rPE) dira, “hondakin plastikoetatik lortuak, sortu ziren helbururako erabiliak izan zirenak”, azpimarratu du Floresek. Hala, material birziklatuaren ehunekoa hainbat fasetan erabiltzea lantzen ari da proiektua. “Lehen fasean, % 30 txertatu nahi da, eta, bigarren fasean, % 50 birziklatzen duten materialak txertatzea da helburua”, aurreratu du euskal enpresaren arduradunak.  

Industria sektorerako film berriak

Garatutako film berriak hirugarren mailako bilgarriak erabiltzen dituzten industria-sektoreei zuzenduta daude nagusiki, hala nola eraikuntza, beira eta elikadura sektoreei, baita soluzio jasangarriagoak bilatzen dituzten beste industria-sektore batzuei ere.  

Proiektuak 380.000 euro inguruko aurrekontua izan du eta SPRI Taldearen Hazitek Laguntza Programak finantzatu du. “Hazitek Laguntza Programarekin dugun esperientzia oso positiboa da, anbizio handiagoa duen eta arrakasta izateko aukera handiagoa duen proiektu batean parte hartzeko aukera ematen baitigu”, adierazi du Asier Floresek.  

Etorkizunari begira, helburu hauek ezarri dira: “garatutako film berriak merkaturatzea, merkatu berrietara hedatzea eta bilgarrien sektorean jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren alde egitea, birziklatze-ehunekoak areagotuta”, azpimarratu du.  

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.  

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.